Maiatzak bost igande dituelako, Muxiko Festa Lezon
Betizutik taldeak antolatu du beste behin euskal dantzarien bilgunea etzirako. 11:00etan tailerra egingo dute, eta 12:00etan festa.
Maiatzak bost igande ditu. Horregatik, Muxiko Festa izango da igande honetan (hilaren 29an) Lezon. Izan ere, Betizutik Elkarteak ohitura hori du: hilabetea edozein izanda ere, horrek bost igande baditu, hil horretako azken igandean dantzarien topagunea antolatzen du. Merezi du festak.
Igande honetan 11:00etan ekingo diote dantza jaialdiari, muxikoetan trebatzeko tailerra egingo dutelako Gurutze Santuaren plazan (eguraldi txarrarekin Karlos Saldise plazan). Ondoren, 12:00etan, izango da festa.
Betizutik-ekoek lezoarrak eta nahi duten guztiak animatu dituzte jarduera horietan parte hartzera, “primeran pasako dugu-eta”.