Gaurtik igandera, itsas ondarearen badia izango da Pasaiakoa
Itsas festibalaren ikur izango diren 160 ontzien sarrerarekin hasiko da gaur, 18:00etan, itsas ondarearen topagunea.
18:00etan hasiko da Pasaia Itsas Festibalaren egitarau ofiziala. Aurretik izan dira ekitaldiak, baina arratsaldeko ontzien sarrerarekin ekingo dio bigarrenez itsas ondarea sustatzea eta zabaltzea bokazio duen jaialdiak aurtengo ediziori. 2018an izan zen lehenengo festibala, eta orduko hartako zifrak, ondare ikur diren ontziei dagokienez, gaindituko dira: 160 ontzitik gora sartuko dira bokaletik badiara 18:00etan. Itsas ondarearen eta kulturaren badia izango da Pasaiakoa igandera arte. Jada portura iritsi dira protagonista izan diren ontzietako batzuk.
Ontziak bakarrik ez. Ekintza eta ekitaldi osagarri franko prestatu dituzte antolatzaileek (Albaola Itsas Kulturaren Faktoria eta Pasaiako Udala dira antolatzaile nagusiak), herriko eragileek, baita beste talde eta elkartek ere. Egitaraua oso-osoa da.
Egitarau horiek xehetasunez eskuratzeko, hainbat aukera eman ditu HITZAk. Beheko esteketan, honako edukiak lor daitezke: barruti guztietakoak egitarauak banan-banan, lau barrutietako egitarauen artxibo bateratua, eta HITZAk hilaren 20an publikatu zuen gehigarria egitarauaz gain hainbat eduki osagarrirekin. Klikatu beldurrik gabe beheko esteketan.