[Erreportajea] Victor Hugo idazlea Donibanera bueltatuko da festibalagatik
Iñigo Ortega antxotarrak zuzenduriko ‘Los Miserables’ (‘Miserableak’) antzezlana gaurko 19:00etan egingo dute Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan. Sarrera guztiak agortuta daude.
Victor Hugo idazle famatua Pasaiara bueltatuko da gaur. Itsas Festibalaren egitarauaren barruan Los Miserables (Miserableak) antzezlana programatu dute gaurko. Emanaldia 19:00etan hasi- ko da, Donibaneko Juanba Berasategin. Sarrera den-denak saldu dira.
Lanaren zuzendaria Iñigo Ortega antxotarra da, eta 25 pertsonako lantaldea gidatu du. Pozik da Ortega. Izan ere, gaur egingo duten emanaldirako sarrera guztiak salduta daude aspalditik: «Ez genuen espero lehenengo hiru egunetan dena salduta egotea». Tokian tokiko lana dela jakinarazi du antzezlaneko zuzendariak: «Parte hartzen duten gehienak Pasaiakoak edo ingurukoak dira. Horrek esan nahi du, ziurrenik, etxean egongo bagina bezala sentituko garela antzezteko garaian».
Belen Kortaberria da antzezlaneko aktoreetako bat. Hura ere antxotarra da, eta ilusio handiz hartu du zeregina: «Taldean adin guztietako jendea dugu. Hori oso magikoa dela esan genezake». Pozik mintzo da Kortaberria inguruan duen lantaldeari buruz, eta momentuko urduritasuna alde batera utzita, ziur da dena ondo aterako dela. Haren iritziz, «dena ondo ikasia eta prestatua» dute. Fantine pertsonaiaren papera egingo du antxotarrak.
«Ez genuen espero lehenengo hiru egunetan dena saltzea»
Lantaldean badaude badiatik kanpokoak, esaterako, Angel Amolategi. Ordiziarra da, eta Jean Valjean pertsonaiaren barruan sartuko da gaur. Hura kasualitatez dago antzezlanean, eta hasieratik jaso zuen harrera ezin hobea izan dela aditzera eman du: «Berehala integratu nintzen lantaldean». Lehenengo aldia da gisa horretako lan bat egingo duela, eta haren sorterritik urrun egoteak egoera erraztu duela jakinarazi du: «Agian hau ez nuke Goierrin egingo. Lehenengoa izateko hobe ezezaguna zaren zonalde batean egitea».
Ekaitz Gonzalez berandu heldu zen proiektura, baina paper garrantzitsua du antzezleen zerrendan. Victor Hugo izango da donostiarra: «Nik eszenak lotu behar ditut, hori da nire papera. Lana ezagutzen ez duten ikusleei laguntza eman behar diet bidaia egiteko garaian». Beraz, lan garrantzitsua izango du gaur Gonzalezek.
Publiko guztiarentzako lana
Iñigo Ortegaren esanetan obra laburtzea izan da zailena: «Nola konta daiteke hain obra luzea, asko jota ordubetean? Hiru orduko lana laburbiltzen duen trailer bat bezala kontatu behar da. Ekaitzek [Gonzalez] oso lan ona egin du lana idazteko garaian». Iritzi berekoa da gaur Victor Hugo izango dena: «Jatorrizko obra oso luzea da. Gure bertsioan ordubete besterik ez genuen liburuan kontatzen den guztia laburbiltzeko». Aktoreek bat egiten dute haien kideekin. «Obra oso luzea ez bada, askoz erakargarriagoa izango da antzerkia ikustera ohituta ez dagoen pertsonarentzat», dio Amolategik.
Momentuz, pozik daude antzezlanak izan duen harrerarekin. Donibaneko Juanba Berasategi auditorioa bete-beteta izango dute gaur arratsaldean. Orain, oholtza gainean antzeztera ateratzea eta bertaratutako ikusleen txaloak jasotzea besterik ez zaie falta. Pasaia Itsas Festibalari buruz gehiago jakiteko, joan hona- ko webgunera: oarsoaldea.hitza.eus.