Arramendiko bizilagunek ez dituzte borondatez etxebizitzak utziko
Kontraesan hutsa dela negoziaketak egiten ari diren bitartean etxebizitzak uzteko abisua jasotzea deitoratu dute.
Arramendiko bizilagunek ez dituztela haien etxebizitzak maiatzaren 31n utziko berretsi dute gaur Zumardian, Benta Berriko Alokairu eta Kaleretzeak Stop plataformek gaur deitutako elkarretaratzean. Oroitarazi dute ez dutela etxebizitzak erosteko intentziorik azala, ez dela nahi ez dutelako, ezin dutelako baizik. Stop Kaleratzeak-eko Rosa Garciak gaineratu du ekonomikoki eta sozialki egoera zaurgarri batean daudela bertako bizilagunak, eta babestu egin behar zaiela.
Aste honetan Jaureguizar S.L, Eusko Jaurlaritza eta Errenteriako Udala mahaiaren bueltan elkartu direla esan du Garciak, eta beraz, kontraesankorra dela negoziazio prozesu bete-betean etxebizitzak uzteko abisuak bidaltzen egotea.
Maizterrek eta plataformek diote “erosteko asmoa adierazi duten maizterrentzat ere, maiatzaren 31ko epea laburregia” dela. Oraingoz, “15 etxebizitza daude erosiak izateko prest”.
Arramendiko bizilagun den Elenak (ez du bere abizena eman nahi izan) salatu du urte gehiago pasa dituela Etxebideko zerrendetan esperoan, etxebizitza babestuan bizitzen baino. “Hainbeste itxaron eta gero, azkenean, etxebizitza daukagu eta bota nahi gaituzte”.