Donibane Pari Berri, Euskal Ligara
Gipuzkoako Lehen Mailako finalean 4-2 irabazi diote sanjuandarrek Teep Tolosala taldeari. Kategoriaz igotzeko zuzeneko txartela.
Joan den larunbatean Allurralde kiroldegian (Andoain) lehiatu zen Gipuzkoako areto futboleko Lehen Mailako finala: IDK Pari Berri Donibane vs Teep Tolosala. Errenta zabala zuten Pasaiakoek, finalerdietako joaneko partidan berdindu bazuten ere, bueltakoan 7-1 irabazi baitzioten Oiartzuni.
Bultzada horrekin, 4-2 irabazi zuten sanjuandarrek finala, eta beraz, hainbeste amesturiko Euskal Ligara igotzeko txartel zuzena lortu dute.
Etxetik kanpo ere, ez zuten hutsik egin Donipariren zaleek, eta harmailak arrosaz josi zituzten. Kiroldegiaren kanpoan harrera beroa egin zieten herrikideek jokalariei, bengala eta kantu artean igoera ospatuz.
Orain bai, denboraldia lehen postuan bukatuta eta igoeraren bermearekin, lasai asko atseden har dezakete Donibaneko futbol aretoko jokalariek.