Txapeldun bat, bi irabazle
Areto futboleko Gipuzkoako Hirugarren Mailako txapeldun izan da Jaixki AFT, finalean 4-2 gainditu duelako Antxo AFren B taldea.
Jaixki Areto Futbol Taldeak eta Antxo Areto Futbol klubaren B taldeak Gipuzkoako Hirugarren Mailako finala jokatu zuten larunbat eguerdian Andoaingo Allurralde kiroldegian. Lezoarrek irabazi zuten partida, 4-2. Beraz, Jaixki Hirugarren Mailako txapeldun izan da eskualdeko derbian irabazita.
Lehen helburua betea zuten bi taldeek larunbateko partida baino lehen, hau da, Gipuzkoako Bigarren Mailara igotzeko eskubidea zakuan zuten. Beraz, Andoaingo kantxan jokoan zegoena ohorearen eta nagusitasun osoaren arteko orekan zebilen titulua izan zen.
Zaleak ondoan, eta adiskidetasun giroan joan zen sasoiko azken partida. Joan den asteburuan igoera eskuratuta bi taldeetako kirolariek ospakizunak egin zituzten, eta oraingoan, Lezo aldekoek bigarrenez festa egiteko aukera izan zuten, mailako txapela buruan.