Bi asteburuko festa aroa Lezon
Datorren asteburuan Mendekoste Jaiak egingo dituzte, eta hilaren 10etik 12ra, berriz, Euskal Jaiak. Gaur aurkeztu dituzte biak.
Bi urteko etenaldiaren ondoren, ostiralean berriz ere Mendekoste Jaiak iritsiko dira Lezora, igandera arte. Hori gutxi balitz, mendekosteen hurrengo asteburuan (ekainaren 10etik 12ra), Euskal Jaiak hartuko du herria. Herri giroa berpizten ari da, horren erakusle datozen bi asteburuetan Lezon izango direnak.
Gaur aurkeztu dute festen aroa Jesus Mari Martiarena alkateak, Ion Pombar Kultura zinegotziak, eta Xanti Val kultura teknikariak. Alkateak nabarmendu du bi urteko etenaldiaren ondoren, zeharo onuragarria izango dela herritarrentzat herriko jai txikiak direnak ospatzea. Ideia horretan sakondu du Ion Pombar zinegotziak, eta adierazi du “poza” dela duten sentsazioa festak berriz ere herrira itzuli direlako. Gainera, mendekosteak Jai Batzordearen bidez herriko eragileekin elkarlanean eta adostasunean prestatu direla adierazi du Kultura zinegotziak, eta herritarrak nahiz bisitariak gonbidatu ditu egitarauko ekitaldietan parte hartzera, “ondo pasa eta goza dezatela, eta aldi berean, jaiak behar diren moduan joan daitezela”.
Val teknikariak egitarauaren gaineko (behean dago) xehetasunak eman ditu. Baina hiru ideiatan azpimarra jarri du: eraso sexistarik gabeko jaiak izan daitezela; ingurumenarekiko errespetuz joka dezatela herritarrek; eta euskara kalean nagusi izan dadila.
Egitarauan sakonduz, Valek ostiraleko Zabarre pirataren eta Maria Labaienen etorrera nabarmendu du, baita gau partean plazan egitekoa den herri afari autogestionatua ere. Horretarako udalak mahaiak, aulkiak eta sagardoa jarriko ditu; herritarrek eraman beharko dute afaria. “Familiak, haur, gazte eta heldu, biltzen diren afaria da, eta sortzen den giroa oso ederra da”, esan du.
Bestelakoan, haurrentzako emanaldiak, kultur arlokoak, herri kirolak, dantza saioak eta beste asko aipatu ditu Valek. Orotara, mendekosteetan 27 ekitaldi izango direla jakinarazi du. Bereziki eskertu du Piztu Lezoko kideek jai egitarauari egin dioten ekarpena.
Euskal Jaiak
Mendekosteen hurrengo asteburuan ere bada zer egin herrian, Euskal Jaiekin. Horiek ekainaren 10eko Murixkaren ikasturte bukaerako ekitaldiarekin (21:00etan, Bekoerrotan) hasiko dira, eta larunbatekoa (ekainak 11) izango da egun nagusia, Euskal Dantzazaleen ekitaldiak, nahiz Sagardo Eguna (herriko 11 baserriko sagardoarekin) egingo baitira. Ekainaren 12ko ekitaldi nagusia eguerdiko herri kirol jaialdia da, bertan emakumeen presentzia oso nabarmena izango delarik.
Beraz, jarraian, mendekosteetako eta Euskal Jaietako egitarauak.
Ekainak 3, ostirala.
- 17:45ean, Zabarreri eta Maria Labaieni ongietorria kaian. Pirataz mozorrotzea eskatu diete herritarrei.
- 18:15ean, Piku kalean, Indarkeriarik Gabeko Gunea zabalduko dute.
- 19:00etan, Zabarre eta Maria Labaien plazara iritsiko dira, eta Pirata Txikiek hasiera emango diete jaiei. Ondoren Murixkaren agurra eta erraldoi eta buruhandien kalejira Munttar Txistulari Taldearekin.
- 20:00etan, preso eta iheslarien aldeko kartelada.
- 21:00etan, herri afari autogestionatua plazan. Flashmoba egingo dute Lezoko Eztandak taldekoek.
- 23:00etan, Iratzar Taldearekin erromeria Karlos Saldise plazan. Ondoren, DJ Malakias eta Maixa.
Ekainak 4, larunbata
- 09:30ean, diana eskualdeko dultzaineroekin.
- 09:30ean, motorzaleen elkarretaratzea Itzel kafetegiaren ondoan, eta ondoren irteera.
- 12:00etan, erraldoi eta buruhandien kalejira Munttar Txistulari Taldearekin.
- 12:00etan, XX. mende hasierako erromerien dantzak herrian zehar.
- 13:00etan, Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako Bandaren kontzertua eta Lezoko Dantzazaleen emanaldia Gurutze Santuaren plazan.
- 16:00etan, truk txapelketa Tiñelun.
- 16:30ean, Gurutze Santuaren plazan, Lezoko Eztandak elkartearen eskutik zumba saioa.
- 17:00etan, dantza afrikarren ikastaroa Karlos Saldise plazan (izena eman behar da).
- 17:30ean, Josetxo Etxandi pilotalekuan (eguraldi txarrarekin Koldobike Gezalan), Lezoko pilota eskolako txapelketen finalak.
- 18:00etan, mutxikoak herritik.
- 18:00etan, Elektrobuiaka elektrotxaranga herritik zehar, Karlos Saldisetik abiatuta.
- 19:00etan, erraldoi eta buruhandien kalejira Munttar Txistulari Taldearekin.
- 22:00etan, zezensuzkoa Gurutze Santuaren plazan.
- 23:30ean, Karlos Saldise plazan, Erroka eta Kilimak taldeen kontzertua.
Ekainak 5, igandea
- 09:30ean, diana eskualdeko dultzaineroekin.
- 11:00etan hasita, azoka Karlos Saldise plazan goizez eta arratsaldez.
- 12:00etan, herri kirolak Gurutze Santuaren plazan. Partaideak: Gorka Etxeberria eta Beñat Telleria harri jasotzaileak, eta Xabier Zaldua eta Alaitz Mugertza aizkolariak.
- 12:00etan, erraldoi eta buruhandien kalejira Munttar Txistulari Taldearekin.
- 17:00etan, Gurutze Santuaren plazatik, Altxorraren bila jarduera.
- 19:30ean, Goiko Plazan, Aukeran Dantza Taldearen ikuskizuna.
- 21:45ean, Gurutze Santuaren plazan, zezen suzkoa Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako bandaren partaidetzarekin.
Ekainak 10, ostirala (Euskal Jaiak)
- 21:00etan, Bekoerrota kiroldegian, Murixka Dantza Taldearen ikasturte bukaerako emanaldia.
Ekainak 11, larunbata (Euskal Jaiak)
- 09:30ean, diana Munttar Lezoko Txistulari Taldearekin.
- 11:00etah, Euskal Dantzazaleen erromeria
- 12:30ean, Gurutze Santuaren plazan, Euskal Dantzazaleekin eta Patxi Perezen taldearekin dantzaldia.
- 14:30ean, Euskal Dantzazaleen bazkaria Goiko Plazan.
- 18:00etan, Sagardo Eguna.
Ekainak 12, igandea (Euskal Jaiak)
- 09:30ean, diana Munttar Lezoko Txistulari taldearekin.
- 12:30ean, Gurutze Santuaren plazan, herri kirolak. Pentatloian, Karmele Gisasola Uxue Dorronsoro; altuerako aizkora lanean: Manolo Cañamares.
- 20:30ean, dantzaldia Gurutze Santuaren plazan.