[Elkarrizketa] “Barrenak mugiarazi dizkit esperientzia honek”
Conscious Design Award nazioarteko saria jaso du oiartzuarrak New Yorken, Greziako Lesbos irlako errefuxiatuen kanpalekuan emakumeen segurtasuna hobetzeko egindako ikerketagatik.
Lehenik eta behin, nola jaso duzu saria, espero zenuen hain prestigio handiko sari hau irabaztea?
Ez nuen espero, ezta gutxiago ere. Esan behar dut ez nekiela saria zegoenik ere, sorpresa ederra izan da. Bilboko IED Kunsthal unibertsitatea da nirea, eta Milango (Italia) egoitzatik mezu bat jaso nuen. Goizean goiz esnatuta irakurri nuen, eta ez nuen sinisten. Bilboko irakasleak deitu zidan, eta mezu hori berretsi zidan. Oso harrituta geratu nintzen, oso pozgarria izan da 150 lanen artean nirea aukeratzea, sinetsi ezin jarraitzen dut oraindik.
Zergatik aukeratu duzu errefuxiatuen gaia?
Txikitatik, gai sozialek interes handia eragin didate. Unibertsitateko ikasketak aukeratzean ere zalantza izan nuen. Gizarte lana egin nahi nuen, eta bat-batean txipa aldatu zitzaidan eta barne diseinua ikasi nuen. Baina beti izan dut arantza hori. Karreran proiektu gehienak eraikin bat zerotik diseinatzea izan dira, jatetxe edo hotel bat esaterako. Baina gradu amaierako lanean bestelako zerbait egin nahi nuen, ez nuen betiko lan hori egin nahi. Arantza hori kendu nahi izan nuen, eta gizarte alorrera jo. Betidanik izan dut errefuxiatuen kanpalekuren batera joateko asmoa. Hari horretatik tiraka atera zen proiektua. Beti izan dut interesa baina ez dut gaia sakonki landu, ez nekien benetan zer gertatzen den horrelako guneetan. Uxue Flamarike lagunarengana jo nuen berehala, Gizarte Lana eta Integrazioa ikasi baitu. Hark kontatu zidan errefuxiatuen kanpalekuak dimentsio handikoak direla, kolektibo asko daudela eta arazo larriak jasaten dituztela egunerokotasunean. Greziako Lesbos irlako kanpalekuaren inguruan irakurri nituen artikulu gehienetan zioten komunetan ez dagoela segurtasunik, eta egoera oso konplikatuak bizi behar izaten dituztela emakumeek. Komunera joatea misio arriskutsua da Lesbosen. Hemengo jaietan jartzen dituzten komun horietakoak dituzte, ez dago argirik, eta lo egiten duten tokitik urrun daude. Abusu eta indarkeria ugari pairatzen dituzte eremu horietan. Kolektibo hau aukeratu nuen, oso gogorra baita haien egunerokoa kanpaleku hauetan.
Egoera horiei irtenbide bat emateko emakumeei baliabideak ematea izan da asmoa, beraz.
Hori da. Proiektuaren asmoa izan da emakumeentzako leku seguruak sortzea, dutxatzeko, umeekin egoteko eta beste zenbait gauzetarako. Bilboko pisukide batek garraiatzeko edukiontzi handi horietako bat erosteko aurrekontua eskatu zuen, etorkizunean etxe bat egiteko asmoz, eta bonbilla piztu zitzaidan. Modulu batzuk sortu ditut, bat dutxatzeko, beste bat komunarentzako, beste bat aldageletarako eta egoteko beste gune bat. Moldagarriak dira modulu hauek, kanpaleku bakoitzaren beharretara egokitu daitezke. Estruktura bat diseinatu nuen Lesboserako, baina formula asko egin daitezke. Puzzle bat bezala eraiki daitezkeen estrukturak sortzea izan da asmoa.
Proiektua bukatu arren, bertako errealitatea ezagutu nahi izan zenuen, gertutik.
Bai, ikertutakoa eta egindako lana ea baliagarria izan zitekeen ikusi nahi nuen nire begiekin. Zaporeak elkartearen bitartez lortu nuen hara joatea, Lesbosera, Uxuerekin [Flamerike] batera. Urtarrilean joan ginen eta nik ordurako proiektua amaituta nuen. Ikertutako guztia berretsi nahi nuen, baita proiektuaren emaitza ere. Eta bide batez, aspalditik boluntariotza lana egiteko amets hori betetzeko aukera eman zidan Zaporeak-ek.
Hemen ikertutakoa berretsi zenuen han?
Bai, asko harritu ninduen lehen egunetik. Ideia batekin joan ginen, baina asko harritu gintuen, espero baino okerragoa baita egoera. Zaporeak-en sukaldean aritu gara lanean, astelehenetik igandera. Bitarte horretan proiektuarekin jarraitu nahi nuen, proiektua biribiltzeko testigantzak bildu adibidez, gauza pila bat egin nahi genituen. Baina COVID-19ak asko baldintzatu du lana, konturatzen hasi ginen ezarritako helburuak lortzea oso zaila izango zela. Hasteko, ezin ginen kanpalekura sartu birusaren afera honekin. Sukaldea kanpoan dago eta errefuxiatuak dira guregana etortzen direnak. Gobernuz kanpoko erakunde bakoitzetik soilik bi lagun sar daitezke barruan. Horrek ez du batere lagundu. Baina halere gurekin batera kozinatzen edo banatzen aritzen ziren errefuxiatuekin eta janari bila etortzen zirenekin asko hitz egiteko aukera izan dut. Badirudi hilabete bat asko dela, baina oso motz egin zait esperientzia.
Nolakoa da kanpalekuko egoera?
Oso gogorra. Denetik pasatu dute bertan daudenek, bereziki emakumeek. Egungo kanpalekua zabaldu aurretik Moria delakoa zegoen, eta hori erre egin zen. Oraingoak baliabide gehiago ditu, baina bertakoek Moria 2.0 deitzen diote jada. Gu egon ginenean ordutegiak zituzten, esaterako, 23:00ak baino beranduago iristen direnak kale gorrian uzten dituzte, eta hori neguan ginela. Pentsa. Uxuek eta biok herriko etxe batean egiten genuen lo, kalefakzioarekin, barruko eta kanpoko pijamarekin eta goraino tapatuta. Eta hala eta guztiz ere hotza pasatzen genuen. Pentsa kanpalekukoen egoera nolakoa den neguan. Itsas ertzean dago gainera, haizea oso hotza da. Ohituta daude, tamalez, egoera horietara.
Bertan dauden askok urteak daramatzate atera ezinik, ez baitiete asilorik ematen Europan. Ezagutu ditugu sei urte bertatik atera gabe daramatzatenak, ikaragarria da. Kuriosoa da zer nolako jarrera duten. Pozez datoz zugana, irribarre bat ateratzen saiatzen dira egunero. Asko harritu nau horrek.
Emakumeen egoera proiektuan islatutakoa zela berretsi zenuen han?
Bai, egoera oso gogorrei egin behar izaten diete aurre. Kontatzen ziguten askok lo egiten zuten tokian bertan ontzi bat jartzen zutela, komunera ez joateagatik, beldurragatik.
Dena den, ohartu ginen Lesbosen badagoela eraikin berezi bat emakumeentzako, aipatutako behar horiei erantzuteko. Beraz, ateratako ondorioetako bat izan da agian justu Lesboserako ez dela hain beharrezkoa nire proiektua. Gehiago balioko luke herri edo hirietatik urrunago dauden kanpalekuetarako, esaterako, Saharako kanpaleku baterako, ez baitute horrelakorik.
Lanetik harago, maila pertsonalean, zer eman dizu esperientzia honek?
Hangoa ikusi eta gero pribilegiatu bat sentitzen naiz. Hemen ez gara konturatzen ditugun pribilegioez. Hara joan gabe ziur aski ez nuke gogoeta hori egingo. Barrenak mugiarazi dizkit esperientzia honek, asko ikasi dut. Txip aldaketa egin dut. Asko betetzen du laguntzeak, baina oso gogorra da gertutik ikustea. Nire amonak beti hartzen zuen etxean haur saharar bat, uda guztia harekin pasatzen nuen. Orduan ez nekien zergatik etortzen ziren, uste nuen oporrak pasatzera etortzen zirela. Eta gerora ohartzen zara zer nolako bizitza gogorra duten, horrelako esperientziak begiak irekitzeko baliagarriak dira. Inpaktu horrek asko egiten du, gauza askotaz ohartzen zara.
Horrelako esperientziak bizitzea gomendatuko zenuke, orduan.
Zalantzarik gabe. Argi dagoena da Zaporeak bezalako proiektuak oso beharrezkoak direla egun. Edonor animatuko nuke boluntariotza lana egitera. Jende asko behar da, etengabe. Sekulako lana egiten dute, txalotzekoa.
Berriro joateko asmorik duzu?
Noski, oso motza egin zaigu hilabete hori. Proiektua amaituta egon arren testigantza gehiago bildu nahi ditut, proiektuarekin jarraitzeko asmoa dut. Irakaslearekin harremanetan jarri naiz dagoeneko, eta ikusi dutenez potentziala duela, aurrera jarraituko dugu. Ea zein forma ematen diogun orain. Gustatuko litzaidake lehenik beste kanpaleku batzuetara joatea bertako errealitateak ikusteko, eta nire proiektua bertan nola egin ikertzeko. Bat baino gehiago bisitatu nahiko nituzke. Orain proiektua ikusgarri egin nahi dut, jendeak ezagutu dezala. Ea proiektua martxan jar dezakeen norbait jartzen den nirekin kontaktuan. Ikaragarria litzateke nire proiektua egi bilakatzea.
Egindako lan bereziena izan da?
Bai. Gehiago betetzen nau horrelako proiektu batek ohiko eraikin bat diseinatzea baino. Estresagarria izan da, nire klasekideekin alderatuta berandu joan naiz, baina ez nuke beste ezergatik aldatuko. Asko bete nau lan honek, egunero arazorik gabe zortzi ordu sartzen nituen honetan, eta gustu handiz gainera. Ez da ohikoa gradu amaierako lan batean hainbeste gozatzea. Eta uste dut horregatik bukatu duela proiektuak horrela. Asko bizitu ditut fase guztiak, emaitzan ikusi dela uste dut.