Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, fase erabakigarrian
Errenteriako Udalak HAPOa berritzeko irizpideak, helburuak eta konponbide orokorrak onartu ditu.
Errenteriako Udalak onartu berri du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra hobetzeko irizpide, helburu eta konponbide orokorren dokumentua. Prozesu horretan herritarrek egindako ekarpenak izan dituzte kontuan, baina baita ere hirigintza-plangintzako aholku-batzordearen adierazpena eta udal-zerbitzu teknikoek zein idazketa-taldeak egindako proposamenak.
Proiektuaren arduradunek onartutako dokumentua “norabide onean” doala uste dute, eta horri esker etorkizuneko Errenteria herri iraunkorragoa izateko oinarriak ezarri dituztela adierazi dute. Aipatutako irizpideak, helburuak eta konponbide orokorrak zortzi printzipio hauetan laburbil daitezke:
- Errenteria Oarsoaldeko hiri-inguruaren buru gisa indartzea.
- Nukleo anitzeko hiri-eredua. Oinezkoentzako ardatzen antolamendua kontuan hartzea.
- Mugikortasuna bultzatuko duen irisgarritasuna duen hiri-eredua.
- Galtzaraborda eta Gaztelutxoko biribilgunearen artean Euskotrenen trenbide-trazadura lurpetzearen alde.
- Etxebizitza-parkearen birgaitzea erraztea.
- Udalerrian enplegua sortzen laguntzea.
- Ingurumena bereziki babesteko baldintzak arautzea.
- Klima-aldaketaren erronkari erantzuteko neurriak integratzea.
Ekarpenak egiteko prozesuan 180 pertsonek hartu dute parte, eta internet bidezko inkesten, foroen, ibilaldien eta aurkezpen bileren bitartez lortu ditu Errenteriako Udalak ekarpenak.