Ehuntze lana plazara aterako du Emakumeen Etxeak
Hitzordua hilaren 11an, larunbata, ezarri dute, 10:0etatik 13:00etara. Emakumeek Zumardia hartuko dute urteetan zehar isilpean egindako lana ezkutua erakusteko asmoz.
Ehuntzeko Nazioarteko Eguna ospatuko dute hilaren 11an Errenteria-Oreretan. Iniziatibaren sortzailea #puntuetakitto mugimendua izan da, eta Errenteriako Eskola Feministako Kakorratzez sareak ehuntzen tailerreko ikasleak batu zaizkie. Horiez gain, Errenkoalde merkatarien elkarteak, Artile Mataxak dendak eta Errenteriako auzoetako lau emakume-elkarteek ere bat egin dute proposamenarekin.
Errenteria-Oreretako Gamon Zumardian bilduko dira hilaren 11an, larunbata, 10:00etatik hasita 13:00etara arte. Bertan, ehuntze lanaren garrantzia aldarrikatu dute, hurrengo helburuei erreparatuta:
- Ehuntzearen artea aldarrikapen feministarako tresnan bihurtzea.
- Eremu publikora ateratzea lehen eremu pribatuan zegoena.
- Herria eraikitzeko eta ehuntzeko hurbiltasuneko harreman afektiboei balioa ematea.
- Lanen atzean dagoen jakinduria ikusaraztea.