GI-636 errepideko obrek Oiartzun eta Lezo arteko zirkulazioan eragina izango dute

Gaurtik (21:00etatik) igandeko 22:00ak arte iraungo dute lanek. Bitarte horretan bide alternatiboak erabiltzeko gomendioa eman du aldundiak.

GI-636 errepidearen hiru kilometro baino gehiagoko zorua birgaitzeari ekingo dio aldundiak asteburu honetan, Lintziringo biribilgunearen eta Oliden kanpinaren irteeraren artean egingo dituzte obra horiek. Zehazki, ostiraleko 21:00etatik igandeko 22:00ak arte iraungo dute lanek. Ondorioz, zenbait aldaketa eragingo ditu zirkulazioan, hortaz, ibilbide alternatiboak erabiltzeko deia egin dute aldunditik.

Ostiraleko (hilak 10) 21:00etatik larunbateko 21:00etarak erreiaren zorua birgaituko dute Donostiako noranzkoan, beraz, ezingo da errei hori erabili. Bidasotik datozenek GI-2638 errepidea erabili beharko dute (Gaintxurizketako biribilgunetik Lezorantz), eta GI-636 errepidera jo Altamirako biribilgunean. Donostiako noranzkoan aldiz, Lintzirineko sarbidea GI-636 errepidetik egin ahalko da, baina ibilgailuen zirkulazioa geldoa izango dela aurreratu dute.

Bestalde, Irungo noranzkoan normaltasunez egingo dute gidariek GI-636 errepidetik, eta Lintziringo bi ertzetarako sarbidea izango dute.

Larunbat honetan Lintziringo autobus geltokia (Donostiako noranzkoan) bertan behera geratuko da, baina kontrako noranzkoko geltokia erabilgarri egongo da.

Larunbatean berriz (hilak 11), 21:00etatik igandeko 22:00etara Irungo noranzko erreiaren zorua birgaituko dute, eta ondorioz, noranzko horretan gidatuko dutenek, behin-behinean, ezarritako noranzkoaren kontrako erreitik zirkulatu beharko dute, eta obrek eragindako zatia gainditu ondoren, beraien erreira itzuli beharko dira. Industrialdearen ezkerraldean dauden enpresetarako sarbidea Larzabaleko biribilgunerako irteera-adarretik egin beharko da, eta handik Lintziringo beheko biribilgunetik eta zerbitzugunetik. Eskuineko enpresetara joateko aldiz, sarbidea itxita egongo da larunbat gauetik. Salbuespen gisa, Oliden kanpinetik eta ondoko etxebizitzetatik GI-636 errepidera sartu eta irten ahal izango da, 8:00etatik 21:30era.

Bidasoatik datozenek GI-2638 errepidetik jo beharko dute Gaintxurizketako biribilgunetik Lezora, eta GI-636 errepidera jo Altamirako biribilgunean. Donostiarako bidean Lintziringo sarbidea GI-636 errepidetik eta Makarraztegi poligonotik egin ahalko da, baina autoen zirkulazioa geldoa izango dela diote aldundiko iturriek. Igandean zehar Lintziringo autobus geltokia, bi noranzkoetan kasu honetan, bertan behera geratuko dira.

Alternatiba gisa datozen asteburuetan AP-8 autobidea erabiltzea gomendatu dute. Hilaren 12an (igandea da) 21:00etatik aurrera, obren behin-behineko seinaleztapena desmuntatzen hasiko dira, eta zirkulazioa irekiko dute bi aldeetara, ohiko normaltasuna berreskuratuz.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.