[Erreportajea] Pentsio duinak aldarrikatuz
Gutxieneko pentsio duinak aldarrikatzeko bizikleta martxa astelehenean abiatu zen Donostiatik. Irunera hilaren 24an iritsiko da, eta handik Oarsoalderako bidea hartuko du.
Oarsoaldeko eta Bidasoko pentsiodunak nazkatuta daude. Aspalditik dator kolektiboaren haserrea eta ezinegona. Azken urteetan pentsioek izan dituzten igoerak ez dira nahikoa bizitzak duen kostuari aurre egiteko. Azken hilabeteetan, gainera, salgaien prezioek nabarmen gora egin dute etenik gabe. Hori dela eta, pentsiodunen edo jubilatuen erosmen-ahalmena txikitu egin da.
Gizarteko helduenen pazientzia agortu du egoera horrek. Kolektiboaren eskubideak eta beharrak defendatzeko antolatu ziren, eta urteak daramatzate borrokan, kalean. Elkarretaratzeak, manifestazioak eta bestelako protestak egin dituzte… Oraingoan, bizikleta martxa antolatu dute Euskal Herrian zehar. Iniziatiba astelehenean hasi zen, Donostiako Alderdi Ederren, eta leku berean bukatuko da hilaren 25ean. Bertan manifestazioa egingo dute 12:00etan. Aurretik, hilaren 24an Irunera iritsiko da martxa, eta hiriburura iritsi aurretik Oarsoaldea zeharkatuko du.
Lau urteko herriz herrikako mobilizazioen ondoren, beste aurrerapauso bat ematea erabaki zuten pentsionistek. Dagoeneko hasi den bizikleta martxan 1.080 euroko gutxieneko pentsioak aldarrikatu nahi dituzte. Bide batez, zerbitzu publikoen defentsa eta zaintza lana partekatuak nabarmendu nahi dituzte ibilbide osoan zehar.
Oarsoaldean Duintasunak hartu du gai horretan presentzia gehiena, eskualde izaerako mobilizazioak planteatuz Errenteria-Oreretan. Izan ere, pentsiodunen mugimenduaren parte da Duintasuna. Alfredo Rodriguez elkarteko kidea da, eta aurretik Gipuzkoan egin zen beste bizikleta martxa baten arrakasta ikusita, Euskal Herrikoa egitea ideia ona izan zitekeela pentsatu zutela jakinarazi du: «Gizarteari egoeraren berri ematea da gure helburua».
Pentsioen kontua ez da soilik egungo pentsiodunen arazoa, datozen belaunaldien etorkizuneko arazoa ere bada. Bizpahiru urte barru jubilatuko diren pertsonengan eta, batez ere, gazteengan eragin zuzena izango du. Rodriguezen esanetan, «pribatizazioa» da gobernarien azken helburua, eta egoeraren larritasuna nabarmendu du: «Gaur egun gazteek irabazten dutenarekin ezin izango dute pentsio-funts pribatua sortu ere».
Espainiako Gobernuak pentsioen gaineko akordioak lortzeko izan duen moduarekin kritiko ageri da Duintasunako kidea: «Petatxuak besterik ez dira. Alde batekin adostasunera heltzeko zerbait igotzen dut, baina gero beste leku batetik kendu egiten dute». Pentsiodun askok duten adinaz baliatzen direla salatu du Rodriguezek: «Kaikutzat hartzen gaituzte. Gure kolektiboko asko helduak dira, ez dira ekonomistak. Hortaz baliatzen dira guri iruzur egiteko».
Pentsioen igoera murritza ez da arazo bakarra. Produktuen eta zerbitzuen igoera nabarmenak herritarren erosketa- ahalmena txikitu du, eta pentsiodun askok diru berdintsua dute askoz garestiagoak diren produktuak erosteko. Horregatik, Duintasunak uste du pentsioen igoera gutxienez KPIaren igoeraren araberakoa izan behar dela: «Esaterako, dena %10 igotzen bada, pentsioek ere %10 igo behar dute». Gainera, kalkuluak egiteko garaian, KPIren batez bestekoa erabiltzen dutela salatu du Rodriguezek, eta ez benetako KPIa: «KPI erreala hartu behar dute kontuan pentsioen igoerak neurtzeko momentuan».
Arazoari aurre egitea ezinbestekoa dute Duintasunan, eta Rodriguezen arabera, ondorengo belaunaldietan pentsatzen ari dira. «Uste dugu elkartasuna erakusten ari garela. Gure egoera ez da ona, baina gure atzetik datozenena are okerragoa izango da». Haien eskaera argia da: «Lanaren bitartez ekarpenak egin dituzten pertsonek gutxieneko 1.080 euroko pentsioa merezi dute». Pentsiodun askoren egoera larria dela azaldu du, eta horren adibide esanguratsu bat aipatu du: «Bizi al daiteke momentu honetan Euskal Herrian 700 euroko pentsio batekin? Ez. Bada hala daude adineko asko»
Tokian tokiko ibilbidea
Bizikleta martxa osoa 30 pertsona inguruk egingo dute, baina herrietatik pasatzen diren heinean jende berria batuko zaie une jakin batzuetan. «Guri eskatu digutena da herrietatik pasatzen direnean, gure kasuan Errenteria-Oreretan, beraien ondoan joateko babes modura», azaldu du Alfredo Rodriguezek. Irunera hilaren 24an helduko dira bizikletariak. Bertan gaua pasatuko dute, eta hainbat jarduera egingo egingo dituzte. Hurrengo egunean, hilaren 25ean, goizeko bederatziak laurden gutxitan abiatuko dira Bidasoko udalerritik, Oarsoaldea pasa, eta eguerdian Donostiara heltzeko.
Errenteria-Oreretatik 09:45ak aldera pasatuko dira. Matxaingo biribilgunera heldu, eta Santa Klara kaletik sartuko dira martxalariak. Matxainen bertan Oarsoaldeko kideak egongo dira haien zain. Santa Klara hartuta, Herriko Plazaraino helduko dira. Bertatik Xenpelar kalera, ostean Biteri kalea hartuz, Alfontso XI kalera jarraitzeko. Errenteria- Oreretako ibilbidea Niessengo biribilgunean bukatuko da. Irundik etorritako bizikletariek aurrera jarraituko dute, baina Oarsoaldekoek hor bukatuko dute bidea. Askok oinez egingo dute ibilbidea herriko kaleetatik.
Duintasunak herritarrak deitu ditu iniziatibarekin bat egiteko, Irunen izan nahiz Errenteria-Oreretan. Tarteko herrietan ere babesa adieraz dezatela eskatu diete bertako biztanleei.