[Galeria] Eskola Kirolera "modu eraginkorrean" joateak saria du
Astebururoko jardunaldietara bizikletaz, oinez, garraio publikoan edota kotxe partekatuan joan direnek saria jaso dute gaur. Larunbatero haurrak alde batetik bestera bizikletaz desplazatzen ikustea "normalizatu" egin dela esan du Maite Gartzia zinegotziak.
Koldo Mitxelenako patioa ikaslez bete da gaur goizean, bertan Eskola Kirolean ohitura “eraginkorrak” izan dituzten ikasleak saritu baitituzte. Astebururoko jardunaldietara bizikletan, oinez, garraio publikoan edo kotxe partekatuetan joatera animatu zituzten gurasoak iaz, eta deiak erantzuna izan du. Gaurko saioan emandako datuen arabera, eskualdeko 11 ikastetxeetako 400 ikasle izan dira urtean zehar gutxienez desplazamendu bat bizikletaz egin dutenak.
Datu bilketa egiten ibili dira denboraldi osoan zehar asteburu guztietako jardunaldietan, haur bakoitza nola desplazatu den jakiteko. Gaurko saioan nabarmendu dutenez, larunbatero haurrak alde batetik bestera bizikletaz desplazatzen ikustea “normalizatu” egin da. “Poz handia ematen du haur hauek txikitatik desplazamendu eraginkorrak egitearen onurak barneratzen joateak, bizitza osoan izango duteen jokaera normalizatzeko”, esan du Maite Gartzia kirol zinegotziak.
Ondorengoak dira goizeko saioan banatutako sariak:
- Bizikletan desplazamendu gehien egin dituen ikastetxea: Elizalde. Bizikleta bat jaso du sari moduan.
-
Desplazamendu jasangarri gehien egin dituen ikastetxea: Koldo Mitxelena. Bi bizikleta jaso ditu.
-
Bizikletan desplazamendu gehien egin dituzten bi ikasle saritu dituzte: Koldo Mitxelenako Izar Trincado eta Oihane Benito. Patinete bana jaso dute.
-
Ikasle guztien artean zozketa bat egiten da eta sariduna Bizarain ikastetxeko Haritz Cedillo izan da. Bizikleta bat jaso dute.
-
Gutxienez behin txirrindaz desplazatutako 400 haurrek ur botila bana jaso dute.