Autodefentsa feminista tailerra, Maitena Monroyren eskutik
Zortzi orduko tailerra eskainiko du fisioterapeuta eta ekintzaile feministak uztailaren 9an. Aldez aurretik izena eman behar da.
Oiartzungo Udalak autodefentsa feminista tailerra antolatu du datorren uztailaren 9an (larunbata da). Maitena Monroy fisioterapeuta eta ekintzaile feministak eskainiko du tailerra, udaletxeko pleno areto nagusian. Zortzi orduko saioa izango da, bi zatitan banatuta: lehena 9:00etatik 14:00etara eta bigarrena aldiz, 15:00etatik 18:00etara.
Tailerrean 14 urtetik gorako emakumeek ahalko dute parte hartu. Doakoa izango dela aurreratu du udalak, baina tokiak mugatuak izango direnez, aurrez izena eman beharko da lotura honetan, uztailaren 7a baino lehen.
Udalak tailerrean parte hartzera animatu ditu herriko emakumeak: “Autodefentsa feminista, defentsa pertsonala baino gehiago da. Emakumeen kontrako indarkeriari buruz ari garenean, gehienetan muturreko indarkeriarekin lotzen dugu. Izan ere, indarkeria mota sutilagoak identifikatzeko zailtasunak izan ohi dira. Autodefentsa feminista tailerretan, indarkeria matxista zer den eta nola funtzionatzen duen ulertuta, emakumeenganako indarkeriari aurre egitea errazagoa da”.