GI-2132 errepidean lanak egingo dituzte igandean
Txandaka antolatuko dute trafikoa Talaiako eta Arraguako biribilguneen artean. Halere, inguruko sarbide guztiak bermatuko dituztela aurreratu du aldundiak.
Asteburu honetan GI-2132 errepideko zoruan hainbat obra egingo ditu aldundiak, lehentasunezko eta oinarrizko intereseko sareetako errepide arruntetan egiten ari den birgaitze lanen barruan. Talaiako biribilgunearen (Ertzaintzaren egoitzaren azpikoa) eta Arraguako biribilgunearen (Aldi supermerkatuaren aurrekoa) artean egingo dituzte lanak. Ondorioz, noranzko bakarrean gidatu ahalko da igandeko (uztailak 3) 7:00etatik 21:00etara errepide horretatik. Txandaka antolatuko dute trafikoa, seinalisten bidez arautuko dute, inguruko sarbide guztiak bermatuz (AP-8 errepiderako sarbidea barne).
21:00etatik aurrera obren behin-behineko seinaleak kenduko dituzte, eta bi noranzkoak irekiko dituzte, ohiko zirkulazioa berreskuratuz.