Mikel Zarate haur literatur saria irabazi du Karmele Mitxelena oiartzuarrak
'Marrubizko uda' nobelarekin poltsikoratu du saria. 3.000 euro jasotzeaz gainera, saritutako lana argitaratuko du Elkar argitaletxeak, liburu batean.
Karmele Mitxelena Oiartzungo irakasle eta idazleak beste sari bat poltsikoratu du, 2022ko Mikel Zarate haur literatur saria irabazi berri du, Marrubizko uda nobelarekin. 3.000 euroko saria jasotzeaz gainera, Elkar argitaletxeak saritutako lana argitaratuko du, liburu batean.
Nobela honetan familia batek udan kanpin batean bizitutakoa kontatzen du oiartzuarrak, Elkar argitaletxearen arabera, “umorez eta ironiaz” betetako istorio batean.
Sari hau Lezamako Mikel Zarate sortzaile eta euskal kulturaren sustatzailearen omenez sortu zuten Lezamako Udalak eta Elkarrek. Aurtengoa, hamabigarren edizioa izan da.