Pasaiatik abiatuko da Urtanta ekimena
Hilaren 22tik 24ra, mendizaletasuna, euskara, musika, euskal ondarea eta itsasoa uztartuko dituen ekimena antolatu dute. Pasaiatik abiatu eta Askainen emango diote ibilbideari amaiera.
Aurten ez da Urmugarik izango baina helburu berbera izango duen hiru eguneko Urtanta ekimena antolatu dute. Urmugaren ‘tanta’ bat izango da eta “txikia baino ederra” izango dela aurreratu du Migel Zeberio [Urmuga Kultur Elkarteko kidea] antolatzaileak. Gainera, mota honetako ekimen bat “berebiziko aukera” dela azaldu du Iker Goiriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatuak, “gure herriaren erakusleioa baita”.
Urtanta Euskal Herriko kultura eta ondarea sustatzea eta zabaltzea helburu duen ekimena da. Euskararekin, mendizaletasunarekin eta musikarekin Euskal Herria, hegoaldetik mendebaldera edo mendebaldetik hegoaldera, (urtearen arabera) lotuz.
Aurten, hiru egunetan, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa mendiz zein itsasoz zeharkatuko dituzte. Horretarako, Elkano Itsas Herria izango dute bidelagun. Mendiak oinez zeharkatzen dituzten bitartean Albaolako patatxe [ontzi zahar bat] batek itsasoz jarraituko die arrastoa.
Ion Irurtzun Elkano Itsas Herriaren ordezkariak lankidetzaren balioa azpimarratu nahi izan du. “Bi proiektuek helburu bera dute eta elkarrekin indartsuagoak gara”. Kultur, eta herri izaera indartzeko proiektuak dira biak ala biak, bata mendiz bestea itsasoz. 500 urte bete dira Juan Sebastian Elkanok munduari itzulia eman ziola eta beraz, testuinguru horretan, Urtanta ekimenarekin bat egin nahi izan dute.
Azkaineko alkatea ere gogotsu agertu da aurkeztu berri duten ekitaldiari, bertan, amaiera emateko. Azkainek itsasoarekiko lotura handia duela azaldu du “herrixka txiki bat da eta barkuak, harriak eta burdina biltzen dugu itsaso aldera eramateko”. Hori dela eta, Azkaingo herriarentzako “ikaragarria da patatxea Azkaingo portura ailegatzea”. Halaber, antolaketan zenbait arazo izan dituztela ere aipatu du, izan ere ibaiak gorenean egon behar du barkua porturaino heldu ahal izateko.
Ibilaldia Pasaian hasi eta Hondarribiruntzko norabidea hartuko du. Beraz, Juan Luis Silanesek [Hondarribiko Udaleko Kultur zinegotziak] bertako herritarrei zein eskualdekoei bertaratzeko deia luzatu die.
Ibilbidea
Hilaren 22an goizean goiz izango da mendizaleen irteera. Pasai San Pedrotik (Albaolatik) Pasai Donibanera igaro eta Jaizkibeleruntz abiatuko dira mendizaleak. Hurrengo egunean, Hondarribiruntz ekingo diote ibilbideari eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Azken egunean, hilaren 24 ean, goizean goiz abiatuko dira mendizaleak. Biriatu eta Larhun igaro eta Azkainera iritsiko dira (Berako mendiak gurutzatuz).
Informazio gehiago eskuratzeko edo Urtantaken parte hartzeko egin joan beren webgunera.
Antolatzaileak eta babesleak
Ekimena Urmuga Kultur Elkarteak, Elkano Itsas Herriak, Mendiak eta Herriak Mendi Gidariak, eta Et Incarnatus Orkestrak antolatu dute. Eta hainbat babesle ditu ekimenak, hala nola, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila, Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi Euro-eskualdea, Gipuzkoako Foru Aldundia Turismoa, Gipuzkoako Foru Aldundia Kultura eta Kirola, Bizkaiko Foru Aldundia, Hondarribiko Udala eta Donostiako Orfeoia.
Halaber honakoen laguntza ere izan dute: Nafarroako Gobernua Euskarabidea, Euskal Kultur Erakundea; Pasaia eta Berako Udalak Azkaingo Herriko Etxea; Hazi, Unsi Upategia; Train La Rhune; Tolosako Laskorain Ikastola; Vumeter Studio; Kontrol Z Ikus-entzunezkoak; Olabe Distribution; eitb; Berria Egunkaria; Baigorriko Basaizea Elkartea; eta Baigorriko Gaiteroak.