PSE-EE, "pozik" merkatari eta ostalarientzat iragarritako laguntzekin
Azken 5 urteetan denda gehien itxi den Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herria izanda, positiboki baloratzen du udalak hartu duen neurria.
Alderdi sozialistak balorazio positiboa egin du pasa den astelehenean Errenteriako Udalak iragarritako laguntzen inguruan. Bertan zehazten denez, merkatari, ostalari eta zerbitzuen sektoreko enpresek 4.500 eurorainoko diru-laguntzak eskatu ahalko dituzte, digitalizazioan eta trantsizio ekologikoan aurrerapausoak emateko. PSE-EEk neurriak “oso garrantzitsuak” direla dio, eta pozik dago “talde sozialistak proposatutako neurriak aurrera aterako direlako”.
Sozialistek nabarmendu dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Merkataritza Behatokiaren arabera, Errenteria da azken 5 urteetan denda gehien itxi den herria. Horri lotuta, alderdi sozialistak udalerrian duen bozeramaileak, Isaac Palenciak, beharrezkotzat jo du “komertzio txikien modernizazioan eta espezializazioan arreta jartzea, baita ekintzaile berriak erakarriko dituen neurriak hartzea ere”.
Neurriok herriko merkatari eta ostalariei “bultzada bat emateko balioko dute, bizi garen garaietara zein egungo kontsumitzaileen beharretara egokitzeko”. Ildo horretatik, udalari dei egin diote bide horiek jorratzen jarraitzeko, eta zenbait proposamen zabaldu dituzte: erakusleiho digital bat sortzea edota Lekuonako programazioa zabaltzea, besteak beste. Izan ere, aurreko astean bete zen urtebete Lekuona Fabrika martxan jarri zela, eta PSE-EEk urtemuga horren balorazio “gazi-gozoa” egin zuen.