Igandean, Maddalen Kontzertua eskainiko du Landarbasok
Aurten Probentzako Nazioarteko Lehiaketako programa saritua eskainiko du abesbatzak. 20:00etan hasiko da, Maddalen basilikan.
Aurten, Landarbaso abesbatzak kontzertua eskainiko du hogeita hamabigarrenez, Errenteria-Oreretako Madalenetako jaien bezperan. Igandean izango da emanaldia, Maddalen basilikan, arratsaldeko 20:00etan, eta gutxi gorabehera ordubeteko iraungo du. Sarrera doakoa da, eta ateak zabalik egongo dira aforoa bete artean. Kontzertua Maria Magdalenaren Lagunak-ek antolatu du.
Aurten, Probentzako Nazioarteko Lehiaketa igarota eskainiko dutenez madalenetako emanaldia, bertan jasotako sariak aurkezteaz gain, joan den asteburuan eskaini zuten programa osoa aurkeztuko dute. Horrela, entzuleek errepertorio sarituaz gozatzeko aukera izango dute. Emanaldi hasieran, Aizpea Otaegi alkateak hitzartze labur bat egingo du, abesbatza zoriontzeko.
Iñaki Tolaretxipi zuzendariak abesbatzak 1991ean ermitan lehen kontzertua eskaini zuela oroitarazi du, orduan jaien barneko egitarauan parte hartzeko aukera ukatu bazieten ere. Ondorioz, emanaldia aurreko egunetan egitea erabaki zuten, eta urteen joanean, ohitura bilakatu zen erabaki hori. Azken urteotan eskariak gora egin du, eta aurten ere itxaropentsu daude emanaldiak izango duen harrerarekin. Hortaz guztiaz gain, etxera nazioarteko sariekin itzuli eta berehala emanaldia eskaintzeak ilusio berezia egiten diela azpimarratu nahi izan dute.