[Erreportajea] Maitagarri magikoaren lilura
Izan zitekeen Disneyren azken pelikularen izena, baina erreportajearen protagonistak bere ogibidea definitzeko erabiltzen dituen hitzak dira titularrean ageri direnak. Zirkuko langileekin partekatzen du ogasuneko epigrafea, baina beste motatako malabarrak egiten ditu pasaitarrak: proiekzionista da.
Kasualitatez murgildu zen ogibidean Nagore Portugal Otermin (Pasai Antxo, 1986). 17 urte zituela Niessen Zinemak inauguratu behar zirela-eta, bertan lan egiteko eskaintzari erantzun zion: «Betidanik gustatu izan zait zinema, eta [eskaintzan] izena ematea erabaki nuen». Aitortu du, dena den, pentsatzen zuela palomitak saltzen jarriko zutela, baina bertara joan zenean galdetu zioten ea non egin nahiko lukeen lan. Ez zuen zalantzarik izan: «Kabinan erantzun nuen, pelikulak jartzen».
Bi egunen ondoren deitu zioten aukeratua izan zela esateko, eta ea gustatuko litzaiokeen proiekzionista-lanak egiten ikastea: «Pelikula bat nola albainutzen den erakutsi zidaten». Eta, urteak joan eta urteak etorri, ia 20 urte daramatza. Hasieran, galdu xamar, ez baitzekien ezer, baina, poliki-poliki, bere kabuz gauzak ikasten joan zen: «Erabili behar ez ziren tirekin probak egiten nituen, zer gertatzen zen ikusteko. Egiten ikasi dut». Dena den, argi du aukera hori eman ziotelako iritsi dela iritsi den lekura.
Proiekzio digitala sartzearekin batera, ordea, Niesseneko lana bukatu zitzaion. Izan ere, lehen areto guztietan egon behar zuen pertsona batek kabinan. Beste askok egin eran, «beste bide bat» hartu behar izan zuen. Orduan iritsi zitzaion Donostiako Zinemaldian proiekzionista moduan lan egiteko aukera. Eta, hortik, Espainiar Estatuko zinemaldi batzuetara: Sevilla eta Las Palmas, esaterako. Zinemaldien zirkuituetatik harago, urtean zehar Tabakaleran igarotzen ditu bere lan ordu gehienak, bertan proiektatzen diren pelikulen zaindari. Abuztuan sartzearekin batera heltzen dio buru-belarri Zinemaldiari.
Ogibidearen egoera
Egun, proiekzionista gutxi geratzen dira. Bai, behintzat, euren jarduna horretara bakarrik bideratzen dutenak: «Ni neu pertsona bakarrenetakoa naiz esan dezakedana nire lana kabinan egotea dela». Bestela, zine digital eta komertzialen kasuan, badago proiektatzen dakien jendea, baina pertsona horiek beste zeregin batzuk ere izaten dituzte: sarrerak saldu, dendan egon… Horri lotuta, proiekzionistak eta proiektatzen duten pertsonak bereizten ditu Portugalek: «Jende asko ezagutzen dut proiektatzen duena, eta jende asko ezagutzen dut proiekzionista dena. Ezberdinak dira». Hain zuzen, norberak lanarekiko jartzen duen «maitasun, pasio eta sentsibilitatean» dago aldea: «Horrek egiten zaitu proiekzionista ona izatea ala ez». Argi du hari pasioa nondik datorkion: «Nik daukadan pasio guztia aitari zor diot». Xabier Portugal Arteagaz ari da, zinemazale sutsua eta hainbat egunkaritan zine kritikari izandakoa.
Generoari buruz galdetuta, aitortu du lanbide «oso maskulinoa» dela: «Oso emakume gutxi gara. Nik pare bat ezagutzen ditut». Bobina bakoitzak 20-30 kiloko pisua dauka, eta aurrera eta atzera ibili behar izaten da. Gainera, orain ez bezala, lehen ikatzezko proiektoreak erabiltzen ziren. Hori guztia gizonei lotu izan zaien zerbait izan dela aipatu du. Baina, noski, jendarteko beste hainbat arlotan bezala, hemen ere arazoa hori baino sakonagoa da: «Ez da erraza emakume bat izatea proiekzionista gelan. Batzuek ez dute begi onez ikusten proiekzionista emakume bat izatea».
Gizonezko helduengan sumatu ditu erresistentzia handienak: «Beraientzat oso arraroa da. Ez da berdina emakume edo gizon batek esatea beraiei zer proiektatuko den». Azken finean, proiekzionistak du emanaldiaren kontrola, eta, egun ere, batzuei azkura eragiten die gidari lanetan emakume bat ikusteak.
Ikusezin sentitzearen xarma
Portugal proiekzionista da, baina bere lana pelikulak proiektatzeaz harago doa: «Pelikulak proiektatzeaz gain, dena prestatu behar da: pelikula muntatu; ikusi, dena ondo dagoela ziurtatzeko; akatsen bat badago, konpondu; prestatu (adibidez, azpitituluak ez badaude ―dena bertsio originalean proiektatzen dugu―, horiek lortu)…». Horren guztiaren atzean lanketa handia dagoela aitortu du pasaitarrak, baina bide horretan «asko» ikasi eta gozatzen duela: «Gustatzen zait pentsatzea kopia iristen denetik proiektatzen den arte dagoen lan prozesu hori guztia egin dudala». Eta hori guztia, noski, helburu jakin batekin: ikus-entzuleek «ahalik eta esperientziarik onena» izan dezatela.
Uste du, ordea, jendeak ez daukala horren berririk: «Jendea ez da kontziente hor atzean pertsona bat dagoela zuri pelikulak jartzen, eta lanean egon dela dena koadratzeko». 35 mm-ko zinta analogikoetan, adibidez, enfokatzen egon behar du, jendeari pelikula ikustearen bizipena transmititu ahal izateko. Hain zuzen, inkontzientziaren hari horretan dantzan egoteak erakartzen du gehien bere ogibidetik: «Gustatzen zait, inkontzienteki, ni izatea esperientzia hori ahalbidetzen duena. Kabina horretan egotea eta ez egotea». Portugalen hitzetan, «maitagarri magiko bat» izateko aukera ematen dio horrek, ikusten ez dena, baina bera dena gauzak ongi funtzionatzeko arrazoia.
Zinten tipologian murgilduta, Portugalek dio analogikoak «xarma» gehiago duela: «Granoa ezberdina da, marrak ditu —denbora pasa delako edo nonbait arrastoa egin zaiolako—, bobina aldatzen denean soinua entzuten da, eta proiektorearen soinua dago atzean etengabe, nahiz eta zu pelikulan sartuta egon». Hasiera batean lan gehiago eman dezakeela iruditu arren, gustura egiten ditu zaindari lanak: «Pelikula analogiko bat proiektatzen dudanean, ni beti nago ondoan. Adibidez, batzuetan hauts asko baldin badago desenfokatu egiten da, eta horrekin oso adi egon behar duzu». Dena den, horrek ere sentsibilitate-maila handia eskatzen dio proiekzionistari. Izan ere, askotan desenfoke hori pelikularen parte izan daiteke. Horrek Portugal ere «bertan murgiltzera» eramaten duela aipatu du: «Ulertu behar duzu noiz bai eta noiz ez». Azken finean, digitalarekin alderatuz, analogikoa «artisau-lana da, eta oso zuzenekoa». Horri lotuta, garrantzitsua deritzo pelikulak eginda dauden formatuan ikusteari, «gehiago gozatzen da». Zentzu horretan, oso pozik dago Tabakaleran egiten duten lanarekin: «Saiatzen gara pelikula filmatuta dagoen metodoan ekartzen».
Antxotarrak aipatu du, egun, gehiena digitalean grabatzen dela, baina «eboluzio bat» egon dela formatu horiek kontatzeko era moduan erabiltzeko: «Egon dira garaiak ezer gehiago ez zegoena: 16 mm edo 8 mm-koen kasuan, esaterako. Baina azkenaldian film batzuetan egin izan da, adibidez, pelikularen zati bat 16 mm-tan grabatu, flashback bat delako edo zerbait sentiarazteko. Orain gauden garai hauetan formatu analogiko eta digitalen abaniko bat daukagu, eta beste helburu batzuekin erabili ditzakegu».
Pentsatu daitekeenaren kontrara, digitalak ez dauka analogikoak baino kalitate handiagoa. Ez, behintzat, pasaitarrarentzat. Analogikoan argazki bakoitzak duen tamainan dago gakoa: «Nire ustez, kalitate gehien duena 70 mm-ko analogikoa da, digitalak baino gehiago. Zenbat eta milimetro gehiago, alegia, argazkia zenbat eta handiagoa, orduan eta irudiaren xehetasun gehiago daukazu». Dena den, aitortu du, Donostiako Zinemaldian, esaterako, atzera begirako asko analogikoan izaten direla, «geroz eta gutxiago», baina sekzio ofizialean-eta dena digitalean izaten dela.
Nahiz eta digitalak proiekzio lana desagertze bidean jarri duen, oso garrantzitsua iruditzen zaio presentzia izaten mantentzea, eta zaintzeko ahalegina egitea: «Bestela, denok etxeko pantaila ikusten bukatuko dugu, ez zineko pantaila bat, eta esperientzia ez da berdina». Portugalek, behintzat, ez du bere bizitza zinemarik gabe ikusten, ezta zine areto gabeko mundurik imajinatu ere: «Nire bizitzan zineak egon behar du».
OZZINEMA, ZAZPI URTE ORERETAN
Proiekzionista lanak egiteaz gain, Errenteria-Oreretako OzZinema zineklubeko programatzailea ere bada, Jonathan Sedeñorekin batera. 2015etik ari dira lan horretan.
Areto komertzialetara iristen ez den zinea ekartzen dute, bertsio originala sustatzearekin batera. Horiez gain, bazuten hasiera hartan finkatutako beste helburu bat ere, «herriarekin lan asko egitea». Zentzu horretan, gauzak ondo egiten ari direla uste du: «Askotan elkartzen gara herriko eragileekin. Oso polita iruditzen zait elkarlan hori sortzea, herriak ere ikustea espazio bat duela zine munduan». Horri lotuta, uztailaren 12an Drag bati buruzko pelikula bat eman zuten, Dragaren Nazioarteko Egunaren harira ―uztailaren 16an izaten da―.
Dibertsioa ere sustatu nahi dute, jendea esperientzia bat bizitzera joatea, pelikula edozein dela ere. Horrek guztiak hasieratik jendearen erantzuna «oso positiboa» izatea ahalbidetu du. Oreretan «leku bat» sortu dutela iruditzen zaio: «Uste dut dagoeneko komunitate bat garela». Zineklubean albo batera uzten du bere ogibidea: «Behin 35 mm-ko pelikula analogiko bat ekarri genuen, baina, bestela, proiektatzen den guztia digitalean izaten da».
Ikasturteka lan egiten duten arren, udan ere zinema eskaintzen jarraitzen dute, dosi txikiagotan. Uztailaren 12ko emanaldiarekin batera, abuztuaren 2an The Mitchells vs. The Machines animaziozko filma emango dute, eta, abuztuaren 23an, Cluedo, jolas ezagunean oinarritutako pelikula. Gainera, azken emanaldi horrek berritasun bat izango du: «Pelikulak hiru bukaera ditu, eta ikusleek erabakiko dute pelikulari zein amaiera eman». Irailean ekingo diote ohiko sasoiari, saio sorpresa batekin, urtero moduan ―iaz Amelie izan zen―.