Lezoko udalekuen balorazio "oso positiboa" egin dute gurasoek
Zortzitik gorako puntuazioa (hamarretik) eman diote, orotara, egitasmoari. Asko izan dira "ordutegi zabalagoa" eskatu dutenak.
Lezoko udalekuetan parte hartu duten haurren gurasoek balorazioa egiteko aukera izan dute aurten ere inkesta telematiko baten bitartez. Zortzitik gorako puntuazioa (hamarretik) eman diote, orotara, egitasmoari.
Begiraleak, prezioa, haurren arteko harremana eta udalekuetan egon den giroa izan dira hoberen baloraturiko alderdiak. Udala asebete agertu da gurasoen erantzunarekin, eta konpromisoa hartu dute bertoko arduradunek jasoriko iradokizun guztiak lantzeko, “guraso askok ordutegi zabalagoa eskatu dutelarik”.
Hori esanda, eskerrak eman dizkie udalak begiraleei eta parte hartu duten guztiei, hilabete osoan zehar dozenaka ekintza egiteko aukera izan baitute aurten ere Lezoko udalekuen baitan.