Trafiko aldaketa gehiago, Antxoko topoaren obrengatik
Hamarretxeta eta Gelasio Aranburu kaleei eragingo die, nagusiki, trafikoaren murrizketak. Oinezkoen joan-etorriak ez dituzte mugatuko.
Pasaiako Udaltzaingoak jakinarazi du Antxon topoa lurperatzeko lanak egiten ari den enpresak Hamarretxeta eta Gure Zumardia kaleen arteko bidegurutzea itxiko duela trafikoarentzat, telekomunikazioen kanalizazioak desbideratzeko lanak egin behar dituztelako bertan.
Datorren asteleheneko 08:00etatik aurrera emango da ibilgailuentzako murrizketa, eta aurreikusi dute ostiralean berrireki ahalko dutela gunea, 19:00ak aldera.
Hori horrela, ibilgailuek ahalik eta normaltasun osoenaz zirkula dezaten xehetasunak eman dizkie antxotarrei udaltzaingoak:
- Hamarretxeta kaletik Gure Zumardia 5-11rako sarbidea ibilgailuentzat itxita egongo da, baina oinezkoen joan-etorria baimenduko da.
- Gure Zumardiko 5-11 zenbakien arteko zatia bi noranzkokoa izango da, baina Gelasio Aranburu kaletik garajeetara sartzen direnentzat bakarrik.
- Gelasio Aranburu kaletik Nafarroa etorbiderantz doan bide osoa noranzko bakarrekoa izango da.