[Galeria] Patxadaz gozatu dute aurtengo arkumeez ere
Ardi Latxa elkarteak antolaturiko arkume jateak 700 lagun inguru bildu ditu Done Eztebe plazan. Bazkalostean, txaranga.
Oiartzuarrek euren erritmo propioa dute. Eta horretxegatik, asko, bazkaltzen hasi gabeak ziren oraindik 16:00etako kanpaien hotsak Done Eztebe plazan entzun direnean. Egiari zor, dena den, 700 laguneko ilara platerez hornitzea ez da, gero, lan makala; eta patxadaz hartu dute bizilagunek itxaronaldia.
Ardi Latxa elkarteak antolaturikoa jendetsua izan da aurten ere. Goizeko 06:30erako prestakuntza lanetan kalean zegoenik bazela aitortu dute, eta egindako lanak, zalantzarik gabe, merezi izan du.
Antolatzaileek ez ezik, sukaldaritza lanetan ibili direnek ere izan dute lanik. Gaztetxoen danborrada 10:30ean abiatu da herrian barrena, eta ordurako arkume aski zituzten sugarretan prest, eta paella-ontzi erraldoia ere itsaskiak kozinatzen hasia zen.
Xanistebanen azken egun eguzkitsuko zenbait une argazkitan bildu ditu, gaurkoan ere, HITZAk. Horra hor: