"Portu zuzendaritza pribatizazioaren alde eta langileon kontra doa"
Pasaiako Portu Agintaritzako Langileen Batzordeak pertsonal falta eta lan baldintza eskasak salatu ditu. Zuzendariak seinalatu dituzte.
Pasaiako Portu Agintaritzako (PPA) Langileen Batzordeak (LAB, CC.OO., ELA, eta UGT) idatzizko adierazpen publikoa egin du pertsonal eskasia salatu eta horrek egungo langileengan zuzenean eragiten dituen kalteak bistaratzeko. Zuzendaritzaren kudeaketa txarra egin dute erantzule.
“Arazo nagusia pertsonal falta da”, salatu dute. Egoera hori orokorra dela eta, horrezkero, eskasia portuko sail ia guztietan pairatzen dutela esan dute. “Egoera honetara ekarri gaitu PPAko zuzendarien azken urteotako kudeaketak”. Cesar Salvador seinalatu dute horren arduradun nagusi bezala, sinetsita baitaude zuzendari-ohia dela “hariak maneiatu” izan dituena azken 20 urteotan.
Bi hamarkada atzera eginda gogora ekarri dute 200dik gora langile zirela garai hartan, eta orduan jada esan zuela Salvador jaunak “80 aski zirela”. Hura da, egun, Giza Baliabideen Alorraren arduradun, eta baita David Candelario zuzendariaren eta Joaquin Telleria Pertsonalaren presidentearen “aholkulari” nagusia ere.
Egungo plantilla
Gaur-gaurkoz, PPAko plantilla 80 langile finkok eta aldi baterako 18 langile inguruk osatzen dute. Badira, horiez gain, beste 17 lagun hitzarmenaz kanpo “ardura handiko postuetan” dihardutenak. Azken horien kopurua beti berdin mantentzen dela eta hor murrizketarik gertatzen ez dela gaitzetsi dute langileen batzordetik.
Muturreko egoera honetara nola heldu diren azaldu dute: “PPAk izendatuta dituen zerbitzu publikoen pribatizazio mailakatuagatik”. Xehetasunak: “Joan den mende bukaeran gainetik kendu zituzten garabiak, zerbitzu medikua, draga eta trenbide bidezko arrasta zerbitzua”. Mende honetan, alde batera utzi ditu zuzendaritzak garbiketa, baskulak, lorezaintza eta zurgintza zerbitzuak, “minimoen azpitik utzita mantenu tailerrak, zeinak desagertzen doazen bertoko azken langileak jubilatzen diren heinean”. Zerbitzu guzti horiek enpresa pribatuei esleitzen joan dira.
Gainezka
Mantentze-lanetako enplegatu “urriek”, diren kopurua izanik, matxurak konpondu eta ezusteko puntualei erantzun besterik ezin dutela egin salatu dute. Horrek prebentzio lanak alde batera uztea dakar, eta ondorioz, instalazioen eraginkortasuna gutxitzen doala esan dute, “guztiz zaharkitu arte”.
Hori guzti hori gutxi balitz, azken urteotan indarrean egon den “enplegu publikoa suntsitzeko politikak” ere eragin handia izan duela esan dute batzordeko eledunek: “Garbitu dituzte Komertzial eta Marketing alorrak, Hizkuntzaren Kalitatea eta Normalizazioa, eta Delineazioa. Gainera, gainontzeko sekzio gehienetan langileak falta dira”. Testuinguru horretan, dauden gabeziei erantzuteko Espainiako administraritzako beste enpresen laguntza behar izaten dutela esan dute.
Zaingo zerbitzuari dagokionez, “portuan ezinbestekoa den zerbitzua”, hiru turnoka lanean ari dira enplegatuak, “bermatu gabe hornidura minimoak euren funtzio guztiak kubritzeko, baliabide material urriekin, iraungitako lan-poltsarekin eta lan prekarietate neurriz kanpokoarekin”.
“Pribatizazioaren aldeko apustu hauek nabariak dira egunerokoan”, deitoratu dute.
Mantenuan, esate baterako, “enpresa serio batean ulertezinak diren gertaerak” eman ohi direla aitortu dute, besteak beste, zereginak geldiaraztea lanerako eskularru faltagatik, edota bertoko ur deposituko hornidura moztea potabilizatzeko kloro faltagatik. Burdinbideen egoera txarragatik bagoiak erreietatik irten izan direla ere esan dute, edota enpresa ibilgailuak erabili ezin izan dituztela gurpil faltagatik. Kalte horiek langile eta erabiltzaileen osasuna arriskuan jar dezaketela salatu dute.
Soldatak
Lansariak ere hartu dituzte ahotan: “Hitzarmenaren barruko langileen kondizio ekonomikoak begiratuta, argi ikus daiteke gure soldatak KPIak markaturikoa baino askoz baxuagoak direla orain dela urte batzuk. Sektore publiko guztiari ezarri zitzaion %5eko murrizketa arrastaka daramagu”. Horren erantzuleak, gainera, urrun dituztela arbuiatu dute: “Estatu mailako hitzarmen baten mende gaude, zeina lotuta dagoen Espainiako Aurrekontu Orokorretan onarturiko soldata igoera minimoei”.
Portuko postuak betetzera bideraturiko Lan Eskaintza Publikoa gutxiegikoa ere dela esan dute, aurtengo adibidea jarriz: hiru plaza berri atera dituzte, erretiroa sei langilek hartuko duten bitartean. “Birjartze tasa urratzen du horrek”.
Negoziaziorik ez
Nahiz eta portuko langileen hitzarmenak aurreikusten duen enpresa mailako negoziazioen bitartez lan baldintzak hobe daitezkeela, PPAk 3 urteko atzerapena daramala esan dute, “aitzakia” batekin: Giza Baliabideen Alorraren estruktura ahula. Argi esan dute Cesar Salvador dela ahultasun horren sortzailea, “ukatzen baitizkigu lanaldian hobekuntzak, plusak, dagokigun osasun asegurua, lan poltsak…”.
“Beharbada hau da euskal gobernuak izendaturiko zuzendaritzaren kultura berria”, hausnartu dute bukatzeko, “ahal den guztia pribatizatzea, zuzendaritza-taldea izan ezik, zeinak jarraituko duen diru-kutxa publikoetatik edaten, inori kontu eman gabe, eta inolako kontzientzia pisurik gabe”.