Fanderiako Errotaren marrazki onenak sarituko dituzte
Marrazki lehiaketa antolatu du Fanderiako Errotak hilaren 21erako. Bi kategoria egongo dira, 7 urtetik beherakoak, eta 8tik gorakoak.
Fanderiako Errotak marrazki lehiaketa antolatu du hilaren 21erako -igandea-. Parte hartzaileak errotaren etxera hurbildu beharko dira egun horretako 11:00ak baino lehen, ordu horretan abiatuko baita lehiaketa.
Marrazkilariek bi taldetan parte hartuko dute: 7 urtetik beherakoak, eta 8tik gorakoak. Horiek denek bi ordu eta erdiko epea izango dute euren lanak bukatzeko, teknika librean; baldintza bakarra, errota margotzea.
Kategoria bakoitzeko bi irabazleei Oarsoaldeko museoak bisitatzeko sarrerak banatuko dizkiete, eta euren lanak ikusgai jarriko dira, lehiaketa bukatuta, ibaiaren etxean bertan. Arduradunek ohartarazi dute etxetik marrazteko materiala ez dakarrenari bertan utziko dizkiotela papera nahiz koloretako arkatzak.
Aurretik izena eman nahi duenak edo informazio gehiago behar duenak, bide hauek ditu harremanetarako:
- Oarsoaldea Turismo zentroaren posta elektronikoa eta euren telefono zenbakia: 943 49 45 21.
- Fanderiako Errotaren posta elektronikoa eta euren telefono zenbakia: 690 72 02 64.