Ia 200 lagunek erabili dute gaueko Xorrola berezia xanistebanetan
40 lagun eraman ditu gauero etxera Xorrolak, batez beste. Alkateak adierazi du hurrengo urtean ere zerbitzua mantenduko dutela.
Gaueko Xorrola zerbitzu berezia izan da aurtengo xanistebanetako berrikuntza handienetakoa. Ospakizunak hartu zituen bost gauetan, 00:00etatik 06:00etara, herriko zortzi auzoak lotu zituen autobusak orduero, eta zerbitzuaren gaineko balorazio “oso positiboa” egin du udalak.
Arduradunek adierazi dute herriko festetan mugikortasunean segurtasuna handitzea izan dela helburu nagusia, alkohola kontsumitu ondoren jendeak autoa ez hartzeko eta etxerako bidean emakumeen segurtasuna hobetzeko, batik bat. Datozen urteetan ere bide horretan jarraitzeko asmoa berretsi dute.
Guztira 193 pertsonek erabili dute zerbitzua, udal iturrien arabera. Bataz beste, 40 lagun eraman zituen gauero etxera Xorrolak.
Jexux Leonet alkatea asebete mintzatu da: “Lehen aldia izanda bagenuen zalantza ea lortuko genuen jendearen ohiturak aldatzen hastea eta etxerako bidean autoa hartu beharrean Xorrolan joatea. Oiartzuar askok erabili du zerbitzua eta pozik gaude, lortu dugulako etxerako itzulera modu seguruagoan egitea”. Herritarrek ere zerbitzua “asko eskertu” dutela adierazi du udalburuak.