Odola ematera deitu dute: "Boluntarioen kopurua asko jaitsi da"
Saioa datorren asteartean egingo dute, liburutegian. Arduradunek ohartarazi dute boluntario berrien beharra "geroz eta handiagoa" dela.
Datorren asteartean, hilak 16, odola emateko saioa egingo dute Oiartzunen, azken aldian bezala, herriko liburutegian. Lehen emaileak 16:30ean hartuko dituzte, eta aretoa 20:10 aldera ixtea aurreikusi dute.
Gogora ekarri dute, jende pilaketak ekiditeko eta itxaronaldia ahalik eta laburrena izan dadin, hitzordua hartu beharko dutela odola eman nahi dutenek bi telefono hauetakoren batera deituz: 943 00 78 85 edo 943 31 70 91. Egunean bertan, 09:00etatik aurrera deitzeko eskatu dute.
Aldi berean, elkartasun keinuari batzeko deia egin dute antolatzaileek, azken saioan “asko” jaitsi baitzen boluntario kopurua. “Oporrak direla eta, erreserbak jaitsi dira eta beharra geroz eta handiagoa da”, ohartarazi dute. Joan den hilean emaile berri bat hurbildu zen, eta jende gaztea edo sekula odolik eman ez duena hurbil dadin eskatu dute.