Buru belarri arituko da Pasaia Kayak Donostia-Pasaia-Donostian
Bihar lehiatuko dute, eta Euskadiko Kopako froga puntuagarria izango dute. Seniorretan iazko emaitzak errepikatu nahiko lituzkete urdinek.
Aritz eta Antton Araneta Lander Rodriguezekin iaz, K-1 modalitateko banakako frogan hiru ontzi azkarrenak izan ondoren. Argazkia: Pasaia Kayak. Bihar, larunbata, lehiatuko dute Donostiako Nautiko Klubak urtero antolatzen duen Donostia-Pasaia-Donostia zeharkaldia, hogeigarrenez. Aurten, Euskadiko Itsas Kayakeko Koparen hirugarren froga izango da, eta bertan parte hartuko dute Pasaia Kayakeko kirolariek. Iaz, emaitza paregabeak lortu zituzten urdinek, eta aurten horiek errepikatu nahiko lituzkete. Ibilbidea zehazteke dagoen arren, itsaso hondoa egongo denaren aurreikuspenak dira nagusi.
Seniorretan, Oier Aizpurua zumaiarraren nagusitasunari aurre egin nahiko diote iazko irabazle Aritz Aranetak, baita Antton anaia eta Lander Rodriguezek ere. Gazteek lana txukun egin eta irailean lehiatuko duten Espainiako Txapelketari begira sasoi betean daudela erakutsi nahiko dute. Hala, kadeteetan Ioar Alonso eta Maialen Vitoria izango dira pasaitarren ordezkariak; eta Iker Lizaso juniorretan.
