Artisau Auzoak datozen ekintza eta jardueren berri eman du
Pintura eta ilustrazioa, erraldoiak eta txotxongiloak sortzeko tailerrak, kaleko jolasak, argazkilaritza... Sormena lantzeko askotariko jarduerak eskainiko dituzte, "Artisau Auzoaren espiritu sortzaileaz kutsatu" nahi baitituzte herritarrak.
Artisau Auzoak prest du datozen hiletan eskainiko dituzten jardueren agenda. Askotarikoa izango da aurtengo eskaintza: Pintura eta ilustrazio tailerrak, erraldoiak sortzeko tailerrak, txotxongiloak, kaleko jolasak, argazkilaritza… Herritarrek modu aktiboan parte hartu ahal izango dute, “Artisau Auzoaren espiritu sortzaileaz kutsatu” nahi baitituzte herritarrak.
Udalaren egitasmoa da Artisau Auzoa, “herriko ekonomia suspertzeko” abiatutakoa, Bizi Errenteria estrategiaren barruan. Egitasmo honekin “hirigune historikoa birgaitu” nahi dute, “dauden lokalak zaharberrituz eta erabilera berri batez hornituz”. Artisautza, sormena eta tokiko merkataritza sustatzea ere badu helburu. Horretarako Erdiko kaleko hainbat lokal birgaitu dituzte azken urteetan.
Ondorengo sortzaileek aurkitu dute txoko bat aipatutako lokal horietan: Idoia Lizeaga Iturralde bitxigile artisau eta lore maisua; Ainhoa Redondo Pescador ilustratzaile, margolari eta ikus-entzunezkoen sortzailea; Eva Diaz de Isla eta Alberto Monroyren Kromosoma tailerra (zurezko jostailu didaktikoak diseinatu eta ekoizten dituzte); Naiara Retegi eta Iker Eizagirre artisau pasta eta pasta ekologikoa (Zituene).
“Lanbideetan sinesten dugu, haien balioetan, eskaintzen duten horretan, eta, horregatik, artisautzarekin lotutako ekosistema sortzen ari gara, bizilagun ugariz osatutako ingurune aberatsean”, diote udaleko iturriek.
Aurreikusitako ekintza eta jarduera guztiak kontsultatzeko, esteka honetara jo daiteke.