Bueltan da Enrique Abril Errebote Txapelketa
59. edizioa izango da aurtengoa. Bederatzi taldek parte hartuko dute, tartean, Txost klubak.
Txost klubak jakinarazi duenez, bueltan da Enrique Abril Errebote Txapelketa, 59. edizioa izango da aurtengoa. Bederatzi taldek parte hartuko dute, tartean oiartzuarrek, hiru taldeko hiru multzotan banatuta. Partida guztiak Oiartzunen, Zubietan eta Villabonan jokatuko dituzte.
Oiartzungo partidak errebote plazan jokatuko dira, ondorengoak jasoko ditu herriak: irailaren 4an, 15:30ean, Noizbait taldearen eta Kanboarrak taldearen kontrako partida; irailaren 18an, 9:00etan, Txostek Kanboarrak izango du aurkari eta 11:00etan Luzean-Zaharrer Segi partida jokatuko dute; irailaren 25ean berriro Txostekoen txanda izango da, oraingoan Noizbait-en kontra neurtuko dira, 10:30ean.
Ordutegiak jada zehaztu dituzten arren, klubetik aurreratu du balitekeela 18ko eta 25eko partiden ordutegiek aldaketarik jasatea.