[Elkarrizketa] «Erresistentzia elikatzen jarraitu behar dugu Euskal Herritik»
Laguntza inoiz baino beharrezkoagoa dutela dio oiartzuarrak, sahararren egoera «kezkagarria» baita. Harrera familien beherakadarekin kezkati dago, eta izatera animatu ditu herritarrak. «Bi edo hiru familia ditut Saharan».
Nolakoa da hona datozen haurren egunerokoa?
Lurralde okupatuetatik informazio oso gutxi iristen zaigu, orduan zehatz mehatz zein den ez dakigu. Badakigu errepresioa handia dela, tortura eta atxiloketak egunero daudela. Eta liberatutako eremuetan gerra da nagusi gaur egun. Familiek ihes egin behar izan dute errefuxiatuen kanpamentuetara. Eta bertako egoera oso larria da, kezkagarria.
Pandemiak programa bertan behar utzi zuen. Kolpe gogorra izan da.
Bi urte hauek oso gogorrak izan dira haurrentzako, baina baita guretzako ere. Pandemia hasi baino lehen haur helduagoak etortzen ziren, 11 urtetik gorakoak, baina aurten erabaki da zerotik hastea berriro, hau da, 8 urte inguruko haurrak ekartzea. Kontua da pandemiak eragin duela hainbat belaunaldi atera gabe geratuko direla, inoiz atera ezinik. Ez dute beste haurrek izan duten aukera hori edukiko. Hori ez da bakarrik pandemiagatik izan. Harrera familien kopuruak behera egin duelako nabarmen, horrek lagundu du.
Zergatik izan daiteke hori?
Arrazoi bat baino gehiago ikusten dugu. Denborarekin hemengo jendartea aldatu egin da, bizitza erritmoa ere aldatu da, eta kanpamentuetan denbora nolabait geratuta dago, zain daude. Familiek jarraitzen dute seme-alaba ugari izaten. Eta hemen militantzia zentzu askotan aldatu egin da. Lehen jende askok laguntzen zuen saharar herriari elkartasuna adierazte iniziatibetan, baina egun hori gutxitzen joan da. Gai askotan asko jaitsi da konpromiso soziala. Faktore asko izan dira. Prezioek ere gora egin dute eta familia asko une zailak ari dira bizitzen. Eta pandemia guztizko geldialdia izan da, tamalez. Pentsa, Oiartzunen lehen hamar bat jasotzen ziren urtero, eta aurten ez dugu bakar bat ere jaso. Donostian 40tik gora izan ohi dira, eta aurten bi. Pasaian orain dela gutxi hasi dira parte hartzen eta aurten datu onak eman ditu. Gogotsu hasi dira, zorionez.
Inoiz baino beharrezkoagoa da laguntza, beraz.
Zalantzarik gabe. Sahararen alde lan egiten dugunon arazo handi bat komunikabideen isiltasuna da. Komunikabideetan aterako balitz egunero gaur egun Ukraina ateratzen den bezala, segur aski jende askok lagunduko luke. Aferari aurpegia jarri behar diogu, eta errefuxiatuta bizi diren familiei indar pixka bat bidali, bakarrik ez daudela gogorarazi. Gerraz gain, osasun eta klima aldetik beharrezkoa dute laguntza. Hemen jasaten ari garen bero uholde hauek hango egunerokoa dira. Itzaletan 50 gradutan daude askotan, ez dago aire giroturik, ez dute ia urik. Elikagaiak ere igo dira, hirukoiztu dira prezioak. Astakeria bat da.
Zergatik animatu herritarrak harrera familia izatera?
‘Zergatik ez?’, esango nieke. Ni urte askotan harrera familia izan naiz, eta esperientzia ederra da. Nik bi edo hiru familia ditut Saharan, betirako izango direnak. Hamar urte pasatu dira eta harremana izaten jarraitzen dugu. Merezi duen esperientzia bat da. Guri bere garaian jaso gintuzten bezala, harrera herria izan behar gara gu ere.
Gogorazi nahi nuke atera ezinik dauden haur asko daudela, lurralde okupatuetan bizi direnak. Beti gaude errefuxiatuen kanpalekuekin lanean, bertara joan gaitezkeelako, baina eremu okupatuetan ezin gara sartu, eta bertan daudenek ezin dute etorri. Eta hauek ere behar eta merezi dute arnas pixka bat hartzea. Gogorazi behar dugu haur hauek existitzen direla, ez ditugula ahazten. Bitartean, erresistentzia elikatzen jarraitu behar dugu Euskal Herritik.