[Argazki galeria] Artearen birusarekin kutsatu dira oiartzuarrak
Arte Egunak lehen aldiz egin dituzte, ostiraletik igandera. Aurreko urteetan Kulturabirusan mamitutakoari segida eman diote.
Ohikoa baino luzeagoa izan da udako azken aurreko asteburua. Festa egun estra hori aprobetxatuz, Oiartzungo hainbat sortzailek Arte Egunak izenekoak ospatzeko aprobetxatu dute.
Aurreko bi urteetan, COVID-19a zela eta, ez zen herriko festarik ospatu. Horren ordez Kulturabirusa sortu zuten, herriko sorkuntza hauspotu eta haiei plaza emateko, beste hainbat helbururen artean.
Aurten ez da Kulturabirusik egon, baina laborategi izan zen hartan inokulatutako birusa hibernatzen utzi, eta asteburuan askatu dute, oiartzuarrak kutsatzeko.
Ostiralean Hiru biñaka geratzeko iritsi zen formatua errepikatu zuten. Hiru bikotek herritarrei eskaini zizkieten beraien sorkuntzak: Miriam Unzueta eta Olga Corrochano; Malen Elizasu eta Xabier Belauntzaran; eta Amets Badiola eta Alaia Martin.
Poesia eta azoka
Larunbata poesiarentzako eguna izan zen. Iazko Poesia Eguna bukatu zen tokian hasi zuten aurtengoa, bidegorriko tunel eta komun berrien ondoan dagoen zabaldian.
Aurrekoa bezala, ibiltaria izan zen Poesia Eguna, eta irakurketentzako bigarren geltokia Elika kooperatiban egin zuten. Hirugarrena —eta azkena— Gaetxeko skate-parkean izan zen. Hainbat poetaren lan berriak errezitatu zituzten.
Irakurraldia bukatuta, zerbait prosaikoagoa egiteko parada izan zuten: Bazkun Zaharren bazkaltzearena. Hala ere, ez zen ohiko otordua izan: jolasak egin zituzten, tokiak aldatzen joan eta hartara jende ezberdinarekin harremanetan sakontzeko.
Ginga jarri zion atzo goizean egin zuten artisau eta sortzaileen azokak. Eliza inguruan elkartu ziren 24 artisau, horietatik zazpi oiartzuarrak.