Autodefentsa feminista tailerra antolatu dute urriaren 1erako
Maitena Monroyk gidatuko du saio intentsiboa. Tailerra dohainik izango da, eta izena hilaren 29a baino lehen eman beharko da.
Oiartzungo Udalak autodefentsa tailerra antolatu du urriaren 1erako. Maitena Monroy fisioterapeuta eta ekintzaile feministak gidatuko du saio hori.
Saio intentsiboa izango da, zortzi ordukoa. Lehenengo zatia 10:00etatik 14:00etara izango da, eta bigarrena, berriz, 15:30etik 19:30era.
Parte hartu nahi duenak hilaren 29a baino lehen eman beharko da izena, online edo udaletxera hurbilduz. Dohainik izango da tailerra.
Udalak antolatu du saioa, eta azaldu dutenez, autodefentsa feminista “defentsa pertsonala baino gehiago” da. “Emakumeen kontrako indarkeriari buruz ari garenean, gehienetan muturreko indarkeriarekin lotzen dugu. Hala ere, indarkeria mota sotilagoak identifikatzeko zailtasunak izan ohi dira”, gaineratu dute.
Autodefentsa feminista tailerrean indarkeria matxista zer den eta nola funtzionatzen duen ulertzen lagunduko du Monroyk. Modu horretan, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitea “errazagoa” dela ziurtatu du udalak.
Tailer horretan hausnarketarako gaitasunak eta trebeziak ere landuko dituztela iragarri dute.
