Killirikuperen ikastaroak aurkeztuko dituzte hilaren 29an
Aurtengo ikastaroetan patriarkatuaren moldeak hautsi zituzten emakumeen berri izango dute, baita amatasuna ikuspegi feministatik aztertu dutenak ere.
Killirikupe emakumeen taldeak, beste urte batez, ikastaroak eskainiko ditu. 2022-2023 ikasturtean landuko dituzten gaien berri emango dute hilaren 29an.
Aurkezpen ekitaldi hori Manuel Lekuona bibliotekan izango da, 18:00etan hasita.
Landuko dituzten gai batzuk aurreratu dituzte. Adibidez, patriarkatuak ezarritako moldeak hausten jakin zuten feministak izango dituzte hizpide. Horietako bat da Adrienne Rich. “Amatasuna haren ikuspegi eta esperientzia feministatik aztertuko dute”, azaldu du Killirikupek.
Erreferente feminista diren emakume batzuen eskutik, ama eta alaben arteko harremana ere jorratuko dutela nabarmendu dute.”Giza bizitza bermatuko duten mundu berriak sortzeko aukerei buruz hausnartuko dugu”, gaineratu dute.
Mari Luz Esteban Galarzaren Amaren heriotzak libreago egin ninduen liburua ere izango dute hizpide. “Esperientzia sakonek ematen diguten poesia sentitu, pentsatu eta gozatu ahal izango dugu”.