Ugaldetxoko industrialdea eraberritzen hasi dira
Udalak modernizatuko duen bigarren industriagunea izango da. Ondoren Makarraztegin eta Oiartzun industriaguneak zaharberrituko dituzte.
Ugaldetxo industriagunea zaharberritzeko lanak hasi ditu Oiartzungo Udalak. Sarrera eta irteerak zein azpiegiturak izango dira txukunduko dituztenak.
Berritze proiektu hori bi fasetan egingo dutela azaldu du udalak: urte honetan bertan egingo dute lehena eta 622.000 euroko aurrekontua izango du. Bigarren fasea, berriz, 2023an zehar egingo da eta 700.000 euroko inbertsioa suposatuko dute lanek.
Ugaldetxokoa ez da zaharberrituko duten industriagune bakarra izango, beste bi gehiagotan egingo baitituzte lanak. Oiartzungo industrialdea (424.000 euroko aurrekontua izango du proiektuak) eta Makarraztegi industriagunea (192.000 euroko inbertsioa) izango dira beste biak.
Lanbarrenekin hasi
Iaz Lanbarren industriagunean egin zituzten lanak. Hiru urteko epean lau industriaguneak berritu nahi dituzte. Izan ere, Oiartzungo Udalarentzat “estrategikoak” dira lantokientzako eremu horiek.
Azaldu dutenez, “arnasgune ekonomikoa” dira herriarentzat, baita Oarsoaldearentzat ere. Izan ere, 7.000 lagunek egiten dute lan horietan, Oiartzunek duen populazio aktiboa baino gehiago.
Lan horiekin, bertan dauden enpresak mantendu eta berriak erakarri nahi ditu udalak.
Planak, guztira, 2.290.000 euroko aurrekontua izango du.