Aldundiaren aurrekontuetan esku hartzeko aukera Pasaiara iritsi da
Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatua herrian jarri duten karpan izan da, eta prozesuaren arrakasta nabarmendu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2022-2023ko Aurrekontu Irekiak bigarren fasean daude eta, testuinguru horretan, foru erakundearen karpa Pasaian dago gaur, pasaitarren iritzi eta botoak jasotzen. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak azaldu duenez, udaberrian egin zen ekimenaren lehenengo faseak “oso emaitza onak” utzi ditu: 1.541 gipuzkoarrek 2.398 proposamen egin dituzte. Oraingo fase honetan, herritarrek aurreko fasean proposatu dituzten ideietatik eratorritako 36 proiekturen artean aukeratu behar dute gipuzkoarrek; zehazki, herritar bakoitzak 10 proiektu aukeratu beharko ditu.
Irailaren 12an hasi zen parte hartzeko epea, eta urriaren 7ra arte egongo da zabalik. Horretarako, lau bide daude: partaidetza webgunearen bidez, postaz etxean jasoko den txartelen bidez, aldundian eta udaletako informazio bulegoetan parte hartze txartelak utziz, edota zenbait herritan jarriko diren karpetara gerturatuz. Hain zuzen, azken bide hori baliatzeko aukera dute pasaitarrek gaurko egun guztian zehar.
Behin bigarren fasea amaituta, aldundiak bi milioi euroko inbertsioa egingo du bozka gehien jasotzen dituzten ekimenak gauzatzeko.