Familia Eskola aurkeztu dute
2 eta 16 urteko seme alabak dituzten gurasoei heziketa prozesuan laguntza eskaintzeko zerbitzua da. Urrian jarriko dute martxan.
Urritik aurrera, ohikoa den moduan, Errenteriako Udalak Familia Eskola zerbitzua eskainiko du (orain artean Guraso Eskola deitu izan dena). Zerbitzu horren xedea 2 eta 16 urte arteko ume eta gazteak dituzten familiei hainbat tresna eskaintzea da, haien seme alaben heziketak errazteko. Itziar Ostolaza Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, zerbitzuaren izen aldaketa ” ‘Familia’ kontzeptuari eskaini nahi diogun zentzu inklusiboagatik egin dugu”, zerbitzuak berak eskaini nahi duen horri hobeto egokituko delakoan. Sandra Muñoz Familia Eskolaren arduradunak zera argitu du: “Familiaren zentzu horren baitan, aurten haur hezkuntzako taldeen saioak umeekin batera egingo dira”.
Hori horrela, 2022-2023 ikasturtean Familia Eskolak ohiko hiru zerbitzuak eskainiko ditu, familien nahi eta beharrei ahalik eta malgutasun handienarekin iritsi asmoz: guraso taldeak, saio monografikoak, eta bakarkako arreta zerbitzua. Hiruak doakoak izango dira.
Guraso elkarteak
Aurrez aurre zein online eskainiko dute honakoa, etapaka; seme alabak haur hezkuntzan, lehen hezkuntzan edota bigarren hezkuntzan daudenaren arabera, alegia.
Saio monografikoak
Bi hilabetean behineko zerbitzua izango da, eta etapa ezberdinetan dauden kideen taldeak osatuko dituzte. Arloz arlokako gai konkretuak landuko dituzte: positiboki komunikatzea era asertibitatea, Internetek ekar ditzakeen gorabeherak eta teknologia berrietan heztea, bizitzarako trebetasunak garatzea, edo anai-arreben arteko harremanak hobetzeko estrategiak lantzea.
Bakarkako arreta zerbitzua
Honen bidez, gurasoek aukera izango dute asteko edozein egunetan telefonoz edo emailez edozein kontsulta pertsonalizatu egiteko, baita bertatik bertara ere.
Hala eta guztiz ere, Ostolaza zinegotziak argi utzi nahi izan du zerbitzuok ez direla terapia egiteko bideak. Alegia, Familia Eskola ez dela kasu konkretuen jarraipen berezi eta iraunkorra egiteko bitartekoa, baizik eta “gatazka egoeran gurasoak orientatzen laguntzeko zerbitzua”. Berritasun gisa, zerbitzu guztiak bertatik bertara nahiz Internet bidez jasotzeko aukera egongo dela baieztatu dute, baita ikastetxeetako taldeen saioak ikastetxeetan egingo dituztela ere.
Izen emateak
Saio monografikoetan izena emateko epea irekita egongo da saio bakoitzaren aurreko egunera arte. Presentzialki, ikastetxeetan izena eman beharko da; Internet bidez, esteka honetan.
Guraso elkarteetara bertaratzeko, 688 724 233 telefonora deitu behar da, edo helbide elektroniko honetara mezua bidali.
Hona hemen luzatu duten informazio osoaren esku orria, formatu digitalean.