PIFeko antolatzaileak, pozik aurtengo edizioaren balantzearekin
Izaskun Gomez alkateak adierazi du maiatzean antolatutako edizioak "itxaropenerako koordenadak" ezarri dituela. 2024an hirugarren edizioa antolatzeko prestaketa-lanetan ari direla ere baieztatu du.
Gaur goizean Pasaia Itsas Festibaleko (PIF) bigarren edizioaren balantzea aurkezteko prentsaurrekoa izan da Juanba Berasategi Kulturgunean. Bertan izan dira Izaskun Gomez Pasaiako alkatea eta PIFeko presidentea, Xabier Agote Albaolako presidentea eta PIFeko zuzendaria, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Joakin Telleria Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua.
Gomez alkateak festibala posible egin zuten eragile eta herritar guztiak eskertu nahi izan ditu lehenik. Festibalaren datu orokorrak ere alkateak berak eman ditu. Haren hitzetan, festibalak 135.000 bisitari jaso zituen iraun zuen lau egunetan zehar, lehendabiziko edizioan baino %18 gehiago. Era berean, badiako uretan egon ziren ontzien kopuruak ere gora egin zuen: 800 tripulatzaile baino gehiago 168 itsasontzitan, 2018an baino %40 gehiago. Datu ekonomikoei erreparatuta, Gomezek azpimarratu du jaialdian inbertitutako euro bakoitzeko, halako bost jaso direla bueltan; orotara, 4.010.000€. Beraz, bigarren edizioak “etorkizunerako eta itxaropenerako koordenadak” ezarri dituela adierazi du.
Agotek, bere aldetik, PIFren bi helburuak bete direla esan du. Alde batetik, gizartearen eta ekonomiaren garapena; eta bestetik, kultur garapena. Azken horri erreparatu dio Agotek: “Horregatik sortu zen Albaola, eta horregatik erabaki genuen 2018an beharrezkoa zela festibala sortzea”. Ildo horretan, festibalak Pasaiaren “iragan garrantzitsua ospatzea” ahalbidetzen duela aipatu du.
Alde guztiek adierazi dute 2024ko edizioa antolatzeko prestaketa-lanetan aritzeko konpromisoa.