Indarberrituta itzuli da Gaztañoko auzo lokala
Udako geldialditxoaren ondoren, 2022-2023 ikasturterako motorrak berotzen hasi dira. Datozen hiletarako hainbat ikastaro eta solasaldi antolatu dituzte auzotarrek.
Azken hiletan egindako etenalditxoaren ondoren, indartsu itzuli da Gaztañoko auzo lokala. 2022-2023 ikasturterako hainbat tailer, ikastaro eta hitzaldi iragarri berri dituzte auzotarrek.
Taichi, dantza afrikarra eta perkusioa, trikitia eta panderoa, euskal dantzak… Ikastaro mordoa antolatu dituzte, guzti horiek urrian hasiko dira eta astean behin bilduko dira partaideak: Taichi klaseak astelehenero egingo dituzte (18:00etan), dantza afrikarra eta perkusiokoak astearte eta ostegunero (17:00etan), trikitia eta panderoarenak asteazkenero (15:00etatik 20:00etara), eta euskal dantzen saioak ostegunero izango dira, 19:00etan.
Hitzaldi eta solasaldiak berriz, ostiraletan egingo dituzte, hilean behin. Hauen berri aurrerago emango dutela jakinarazi dute auzotarrek. Ikastaroetan parte hartzeko interesa dutenek lokalean bertan jasoko dute informazio guztia.