Denboraldi berrian parte hartzera deitu du Zintzilik Irratiak
Udazken honetan 38 urte beteko ditu irrati libreak. Irratsaio bat egin, irratia gertutik ezagutu edota irratia lagundu nahi dutenei bertatik pasatzeko gonbita egin diete.
38 urte beteko ditu aurki Zintzilik Irratiak, 38. denboraldia prestatzen hasi dira jada. Honetan parte hartzeko deialdia egin berri diete herritarrei: irratsaio bat egin nahi dutenei, irratia gertutik ezagutu nahi dutenei edota irratia lagundu nahi dutenei bertatik pasatzera gonbidatu dituzte.
“Animatu zure/zuen proposamenak, kezkak, zalantzak edo irratiaren filosofiarekin batera joan daitezkeen edozein gauza ekartzera”, esan dute irratikoek. Gogoratu dute irrati libre bat dela Zintzilik, autogestioan eta asanbladetan oinarritutakoa, eta saio eta eduki kritiko eta ez komertzialak eskaintzen dituela. Irizpide hauekin batera egiten duten herritarrei egin diete deialdia.
Haiekin harremanetan jarri nahi dutenentzako helbide hau jarri dute eskuragarri. Bestela, irratiaren sare sozialak baliatu daitezke horretarako.