Kilometroak jaiaren lekukoa hartu du Orereta Ikastolak
Atzo Ibarran egindako festaren hasieran jaso zuten lekukoa zuzendaritzako kideek eta ikasleek, Uzturpe Ikastolaren eskutik. Egitasmoa antolatzeko ardura "gogoz eta ilusioz" hartuko du ikastolak.
Uzturpe Ikastolaren eskutik jaso du Orereta Ikastolak 2023ko Kilometroak antolatzeko lekukoa. Historian hirugarrenez antolatuko du ikastolak, urte berezi batean gainera: 60. urteurrenarekin bat egingo du hurrengo urteko festa handiak.
Atzo jaso zuen ikastolak lekukoa ofizialki, Ibarran (Gipuzkoa) ospatutako Kilometroak jaiaren hasieran hain zuzen. Ikastolaren izenean jaso zuten lekukoa Itziar Navarro lehendakariak, Anartz Muxika zuzendari nagusiak, eta Xune eta Ani Zapirain nahiz Jare Antzizar ikasleek.
Navarrok esan zuenez, egitasmoa antolatzeko ardura “gogoz eta ilusioz” hartuko du ikastolak. “Erronka handia da. Batetik, ikastola nondik datorren gogoratu, egun non gaudenaz konturatu eta etorkizunean zer izan nahi dugun irudikatu nahi delako. Bestetik, jaiaren eredu berriari jarraiki, urte osoan zeharreko ekintza eta egitasmoen bitartez, ikastola eredua zer den eta zein oinarri nahiz bereizgarri dituen nabarmendu nahi delako”. Guzti hori elkarrekin eta auzolanean egin nahi dutela erantsi zuen atzoko ekitaldian. Horri lotuta, Jare Antzizarrek bertsoa bota zuen Xenpelar bertsolariaren doinuan. Errenteria, Kilometrotan, egin zaidazu bisita puntuarekin bukatu zuen lana.
Hurrengo urtekoa antolatzeko herrikide eta eragile ugarirekin lankidetza hasi nahi du ikastolak. Horregatik herritar eta eragile oro ibilbidean parte hartzera gonbidatu dituzte.