Biodibertsitatearen eta elkar zaintzaren ikur erraldoia
'Biodibertsitatearen dama, erraldoi baten irudikapena' sorkuntza aurkeztu dute Trintxerpen. Helburuak, zaintza sareak eta ingurumena babestea.
Atzo, asteartea, Trintxerpen aurkeztu zuten Pasaiako bizilagun talde batek egindako lan komunitarioa: Biodibertsitatearen dama, erraldoi baten irudikapena.
Sorkuntza prozesuak bi helburu nagusi izan ditu: Erakustea aukera badela auzoetan laguntzarako eta zaintzarako bizilagunen sareak sortzeko eta komunitatea sortzeko, gozamenetik; eta ingurumenaren arazoa eta itsasoko plastikoen kutsadura ikusaraztea.
Jarduera horri esker, herriko erakunde eta bizilagunen arteko sarea sendotu nahi izan da, planeta eta pertsonen arteko elkar zaintza sustatzearekin batera. Atzoko ekitaldian, prozesuaren nondik-norakoak azaldu zituzten parte hartu duten pertsonek.
Prozesuan, bakardadearen aurka
Adin guztietako pasaitarrez osaturiko taldeak helburu komunarekin egin zuen bat: itsasoa babestea. Desio ez den bakardadeari aurre egitea izan da iniziatibaren beste adarretako bat. Horietatik abiatuz, zenbait sorkuntza jaio dira azken urtean.
Adinkide Gobernuz Kanpoko Erakundea Trintxerpen eta San Pedron hasi zen lanean orain dela bi urte adinekoen inguruan lotura afektiboak sortzeko. Hortik tiraka, Hurkoa fundazioak lagunduta, Hauskor programaren bitartez eta Pasaiako Gizarte Zerbitzuen sostenguarekin, hauskortasun egoeran dauden adinekoei hainbat jardueratan parte hartzeko aukera eman zieten.
Adineko bizilagun horien gizarte sare afektiboa zabaltzeko eta bakardadearen sentimendua murrizteko helburuz, besteak beste, paseoak, kafeak, antzerki tailerrak eta dantza komunitarioa, irakurketa kluba, kakorratz komunitarioko tailerrak, petanka… egin dituzte elkarrekin.
Kakorratz tailerra eta hondakinen munstroa
Bitarte horretan, kakorratz taldea gorpuztu zen itsasoaren zaintzarekin lotutako helburuarekin. Pasaiako Berdintasun Sailaren laguntzari esker eta Lalocadelacasa ekintzailearen zuzendaritza artistikoaren bitartez, kolore eta itxura ugaritako koralak eta algak egiten hasi ziren kakorratzez.
Koralak haztearekin batera, egindako lana udalerriko beste lagun eta entitate batzuekin partekatzeko ilusioa zabaldu zen. Izaskun Suberbiolak, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren zuzendariak, itsasoarekiko maitasuna eta alga gelidiumak kantaurialdean duen garrantzia erakutsi zien, eta prest agertu ziren elkarrekin hondakinez egindako figura bat sortzeko, komunitatean ehundutako koralez eta algez estalitakoa, biodibertsitatea eta pertsonen arteko zaintza irudikatzeko.
Beste figura bat ere sortu zuten aurretik: hondakinen munstro erraldoia; itsasotik jasotako plastikoekin egin zuten hori, uretako kutsadura ikusarazteko. Bi erraldoiek gidatu zuten Itsas Zaindarien Martxa aurtengo Pasaia Itsas Festibalean.