Eskailera mekanikoak automatikoki berrabiaraziko dira
Sentsore berriak jarri dituzte. Horiei esker, aurrerantzean, eskailerak era autonomoan jarriko dira martxan etenaldiren bat gertatu ondoren.
Trintxerpe eta San Pedroko goiko auzoetarako lotura diren lau eskailera mekanikoetan sentsore berriak jarri dituzte dagoeneko. Horiei esker, stop botoia sakatu ondoren automatikoki berrabiaraziko da sistema –orain arte teknikari batek bertaratu behar zuen horiek martxan jartzeko–.
Udal gobernuak eman duen informazioaren arabera, lehengo sentsoreen segurtasun sistemak eragiten zituen zerbitzuaren etenaldi gehienak. “Dirudienez, jaitsieran larrialdietarako stop botoia sakatzen zuten pertsonek eragiten zituzten etenaldiak”, azaldu dute. Hori gertatzen zenean, eskailera blokeatuta geratzen zen eta teknikari batek bertaratu behar izaten zuen arazoa konpontzera.
Jada martxan diren sentsore berriei esker, “segurtasun baldintzekin” berrabiaraziko dira eskailerak, eta ez dira martxan jarriko, adibidez, bertan erabiltzaileren bat detektatzen badute, arrisku egoerak saihestearren.
Sentsoreak ordezteaz gain –horren aurrekontua 8.000 eurotik gorakoa izan da tramu bakoitzeko–, beste lan hauek ere egiten ari dira: eskudeletan dauden kalteak konpontzen, zenbait eskailera-maila aldatzen, kateak berritzen… Aurreikusitako lanen kostua, guztira, 80.000 eurokoa da, BEZa barne.
Udaletik errepikatu dute eskailerak ez direla “behar bezala” erabiltzen, eta beraz, gogorarazi dute ekipamendu publikoa “errespetuz eta gizalegez” erabiltzea ezinbestekoa dela. “Eskailerak gaizki erabiltzeak pasaitar guztiei kalte egiten die, erabiltzaileei beharrezko zerbitzu bat kentzen dielako, eta kalte ekonomikoa eragiten duelako, gero herritarrek emandako funts eta baliabide publikoekin konpondu beharrekoa”. Kalteak nahita eragiten dituztenak udaltzainen aurrean salatzeko eskatu dute.