Bote luzean lehen txapela lortu nahi dute gipuzkoarrek
Gipuzkoa 2 taldeak Bizkaiaren kontra neurtuko ditu indarrak, txapela eramateko. Txostekoak dira taldeko pilotari gehienak.

Gipuzkoa 2k Iparralde 1en kontra lortu zuen finalera iristea, pasa den asteburuan [Arg.: Gipuzkoako Pilota Federazioa].
Larunbat arratsaldean jokatuko da Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketaren seigarren ekitaldiaren finala. Gipuzkoa 2 eta Bizkaia arituko dira aurrez aurre.
Bizkaitarrak dira txapel gehienak lortu dituztenak. Gipuzkoarrek, ordea, ez dute beraien herrialdera bat bera ere ekarri. Otxandion (Bizkaia) izango da finala, 18:00etan hasita.
Gipuzkoa 2 taldeko kide gehienak Oiartzungo Txost pilota elkarteko kideak dira, Villabona-Amasako Bear Zana taldeko kideek indartutakoa. Pasa den asteburuan lortu zuten finalerako txartela, Oiartzungo Beheko Plazan.
