Herriko sortzaile txikiek sormenaren inguruan ikertu, pentsatu eta hitz egingo dute
Azaroaren 4an abiatuko da Filosofiaren Plazaren bigarren edizioa. Etxeko txikiek herriko sortzaileekin batera hainbat saio egingo dituzte, "elkarrizketa filosofikoan murgilduz".
Herriko haurrak sormenaren ikertzaile izango dira ikasturte honetan ere, Lekuonako Filosofiaren Plazan filosofo txikiek sormenaren inguruan ikertu, pentsatu eta hitz egingo dute. Azaroaren 4an abiatuko da Filosofiaren Plazaren bigarren edizioa, eta ekainera arte luzatuko dutela jakinarazi berri du udalak. Lekuona Fabrikako bigarren solairuan dagoen Plaza Horian bilduko dira haurrak, bidelagun batekin eta herriko sortzaile batekin.
Saio hauetan etxeko txikienek euren ekoizpen propioak egingo dituzte, haiek izango dira protagonista nagusia, “elkarrizketa filosofikoan murgilduz”. Horietan parte hartuko duten sortzaileen zerrenda osatzen ari da udala. Hilean behin bilduko dira.
Egitasmo honekin “haurrei euren sormenaren taupada arakatzen laguntzea eta ahalmen sortzailearen inguruko hausnarketa egitea” dela gogoratu dute udaleko iturriek.