Ardoa euskaraz dasta daiteke
Ardoak bereizten ikasteko tailerra eskainiko du Mikel Salvador adituak eskualdeko euskaltegietan. Hilaren 17tik 28ra bitarte luzatuko dituzte saioak.
Eskualdeko euskaltegietako ikasleek tailer berezi batez gozatuko dute aurki, lau udalerrietako euskaltegiek ardoak bereizten ikasteko tailerra eskainiko baitute, Mintzagun tailerren barruan. Mundu honetan aditua den Mikel Salvador hernaniarrarekin bilduko dira ikasleak, Ardo-dastatzea izeneko tailerrean. Hilaren 17tik 28ra bitarte luzatuko dituzte, eskualdeko sei euskaltegietan egingo dituzte saioak.
Ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute tailerrek, eta hauen helburua “gai erakargarri, berri eta gaurkotasunekoak euskaraz eskaintzea” da, oraingo honetan, ardoa izango da protagonista. Edozein gai euskaraz jorra daitekeela eta ikasleak ulertzeko gai direla erakutsiko dute saio hauekin.
Horrela banatu dute tailerra: hilaren 17an Lezoko Oroitzene AEKn bilduko dira (18:00etatik 20:00etara); hilaren 19an Errenteriako Udal Euskaltegian (10:00etatik 11:15era); hilaren 25ean Xenpelar AEKn (15:00etatik 17:00etara); hilaren 26an Pasaiako Udal Euskaltegian (9:30etik 11:30era); hilaren 27an Pasai Antxoko Txirrita AEKn (10:00etatik 12:00etara); eta hilaren 27an Oiartzungo Intxixu AEKn (18:00etatik 20:00etara).