"Gure herriaren errealitatea ikusarazi nahi dugu"
Hogeigarren Ijitoen Asteari hasiera eman diote gaur goizean. Ostiralera bitarte "zer garen eta gure kultura nolakoa den" erakutsiko dute, hainbat ekintzekin.
Gaur ekin diote hogeigarren Ijito Kultur Asteari herrian, ostiralera bitarte askotariko ekitaldi eta ekintzak antolatu dituzte Kamelamos Adiquerar elkarteak eta udalak. Zumardian bildu dira elkarteko eta udaleko hainbat kide. Pintxo eta edari artean hasi dute astea, herritar ugari gerturatu dira bertan jarri duten postura.
“Guretzako ohore bat da beste urte batez aste hau ospatzea. Ijitoen komunitatea oso integratuta dago herrian, gure unibertsoaren barrukoa da”, esan du Jose Ramon Gurrutxaga Txokolok zinegotziak udalaren izenean. Maite Gartzia zinegotzia ere bertan izan da, eskerrak eman dizkio komunitateari azken urteetan egindako lanagatik: “Orain dela urte asko sortutako zubi horiek oso indartsuak dira, denok gara aste honen parte. Aste hau guztiontzako da, ez soilik komunitatearentzako, herri osoarentzako baizik”.
Elkarteko kide Juan Carlos Jimenezek eskerrak eman dizkio udalari, eta herritarrak gonbidatu ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera: “jendeak ikus gaitzala, gerturatu daitezela. Hitz egin nahi dugu, gure herriaren errealitatea ikusarazi nahi dugu. Ijitoei buruz ezjakintasun asko dago oraindik. Zer garen eta gure kultura nolakoa den erakutsi nahi dugu, eta beste kulturez ere ikasi”.
Honakoa da antolatu duten programa:
- Astelehena (hilak 17):
- 10:00-12:30: Ijito kafea, Zumardiko kioskoan.
- 20:00-21:00: Esku pilota partidak Fanderia Agustina Otaola pilotalekuan.
- 20:00-22:00: Udaletxeko fatxada Ijitoen Banderaren koloreekin argiztatuko dute.
- Asteartea (hilak 18):
- 18:00-19:00: Zer da ijito izatea? solasaldia egingo dute Agustinetako ludotekan.
- Asteazkena (hilak 19):
- 18:00-19:00: Antigitanismo izeneko hitzaldia emango dute Lekuonako Plaza Berdean.
- 19:00-21:00: Esku pilota partidak Afustina Otaola pilotalekuan.
- Osteguna (hilak 20):
- 18:00-19:00: La gran redada, ¿cómo nos afectó? izeneko saioa eskainiko dute Israel Gabarri eta Vicente Claveria adituek Lekuonako Plaza Berdean.
- Ostirala (hilak 21):
- 20:00-21:00: Esku pilotako finalak jokatuko dituzte Agustina Otaola pilotalekuan.