Gazteek euskara osasuntsu al dagoen aztertuko dute igandean
Oiartzuar batek, tuterar batek eta urepeldar batek euren esperientziak plazaratuko dituzte, gazteei irekitako solasaldian.
Euskaraldia hurbiltzen ari dela eta (azaroaren 18an hasiko da), herriko gazteek euskarari buruzko hausnarketa abiaraziko dute, kontzientziazioan sakontzeko, edo ahal bezain beste eragiteko.
Bide horretan datorren iganderako (hilak 23) lehen saioa antolatu dute: Uste bezain osasuntsu al dago euskara? izenburua duen solasaldia.
Hiru hizlari arituko dira, euskararen errealitatea oso ezberdina den lekuetakoa: Aintzane Toledo oiartzuarra, Aitor Arnedo tuterarra eta Xalbat Altzugarai urepeldarra.
Hizkuntzari buruzko iritziak, asmoak eta gogoetak partekatuko dituzte Arizmendieneko lorategira hurbiltzen direnekin (eguraldi txarrarekin, liburutegian izango da solasaldia). 17:30ean hasiko da saioa, eta pote bat aterako diete bertara joaten diren gazteei.
Hainbat galderari erantzuten saiatuko dira: Zer harreman duzu gure hizkuntzarekin? edo Ba al dugu euskaraz bizitzeko eskubiderik?, besteak beste.