Beraungo bi igogailu berrien obrak, martxa onean
Maurice Ravel, Aita Donostia eta Juan Crisostomo Arriaga kaleak lotuko dituzte bi igogailuek. Mugikortasuna hobetzen duen "ekintza garrantzitsua" dela nabarmendu du udalak, eremu horretan pertsonen joan-etorria "nabarmena" baita.
Errenteriako Udalak jakinarazi du martxa onean doazela Maurice Ravel, Aita Donostia eta Juan Crisostomo Arriaga kaleak lotuko dituzten bi igogailuak eraikitzeko obrak. Lanak martxoan bukatzea aurreikusi dute.
Proiektu hau 2019-2023 Agintaldirako Planean jasota dago, baita Irisgarritasun Planean ere. “Auzo mailako oinezkoen irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzen duen ekintza garrantzitsua” dela nabarmendu dute udaleko iturriek. Izan ere, eremu horretan pertsonen joan-etorria “nabarmena” da udalaren arabera, “ikastetxea, Beraungo merkataritza gunea eta jubilatuen elkartea direla eta”.
Bi igogailu berriekin “ibilbide irisgarri bat” lortuko dute. Juan Crisostomo Arriaga kalea eta Aita Donostia kalearen atzealdea eta Aita Donostia kalea lotuko ditu lehen igogailuak; eta bigarrena Aita Donostia kaleko kontrako espaloitik Maurice Ravel kalera iritsiko da.
