[Elkarrizketa] «Eraiki ditugun zubi horiek herriaren parte dira, aspalditik gara parte»
«Herrikideekin hitz egin eta gure herriaren errealitatea ikusarazteko» baliatzen ari da Ijitoen Astea Kamelamos Adiquerar elkartea. Ekintza asko egiten ari dira egunotan herrian.
Hogeigarren Ijitoen Astea ospatzen ari dira errenteriarrak egunotan. Lehen ediziotik aldaketa sumatu duzue herrian?
Aldaketa handia sumatu dugu. Lehen edizioak zailak izan ziren, baina pixkanaka ikusi dugu aldatzen joan dela gure herriaren gainean zegoen iritzia. Azken urteetan aldaketa handia sumatu dugu. Aldaketa eman da, baina ohartu gara pandemian edo krisietan gainezka egiten duela egoerak, gorroto hori itzultzen da. Gaizki itxitako lapiko bat bezala da, urak irakiten duen momentuan gainezka egiten du, eta beti seinalatzen dira minoriak, haiek jasotzen dituzte kritikak, gu gara gehien sufritzen dugunak.
Zorionez, denbora asko daramagu Errenteria-Oreretan, eta herri honen eraikuntzaren parte izan gara, baita kulturalki ere. Denbora hori, ibilbide hori eta eraiki ditugun zubi horiek herriaren parte dira jada. Eta gu ere parte gara, aspalditik.
Herri anitza da Errenteria-Orereta.
Oso, oso dibertsoa da, dibertsitate gehien duen herrietako bat gara. Eta hori ospatzekoa da, hor baitago herri baten aberastasuna.
Egunotan, besteak beste, ijitoen kontrako arrazakeria landuko duzue. Oraindik ere ezjakintasun asko dago gizartean?
Zalantzarik gabe. Hitz horrek askotan jendeak beste alde batera begiratzea dakar. Hemen, Euskal Herrian, ijitoen kontrako arrazakeria hori existitu da, bereziki erakundeen aldetik, hor sumatu dugu gabezia handiena beti, herriaren parte garenean gainera. Herriak beti defendatu du ijitoa, are gehiago Euskal Herrian. XIV. mendearen hasieran Iparraldeko ijitoak harrapatu zituzten, bertatik bota nahi izan zituzten, delitua baitzen ijito izatea. Eta orduan herritarrak horren kontra agertu ziren, gure komunitatearen defentsan. ‘Gure herriaren parte dira eta gurekin jarraitzea nahi dugu’, esan zuten, ozen. Horrelako adibide gehiago daude hemen, zorionez.
Egunerokoan sumatu dituzue jarrera arrazista horiek?
Bideo bat egin nuen aspaldi, jendeari kaletik galdetu nion ea zein iritzi zuten komunitatearen inguruan. Eta asko harritu ninduten erantzunek, horietako asko bideotik kanpo utzi behar izan nituen. Betikoa ateratzen zen: delinkuentzia, drogak… Zaku berean sartuz denak. Beldurrak eta ezjakintasunak min handia egiten du, nahiago dut pentsatu hori dela, eta ez dagoela asmo txarrik atzetik. Askotan pareta batekin egiten dugu topo. Eta okerrena da diskurtso horiek txikiek ikasten dituztela, diskurtso hori jasotzen dute gurasoengandik. Hori moztu nahi dugu.
Gogoan dut Koldo Mitxelena ikastetxera joaten nintzenean, arrazakeria hori irakasleen aldetik ere jasaten genuela. Esaten ziguten: ‘Zertarako ikasiko duzu azoka batean bukatuko baduzu?’. Sekulako inpotentzia sentitzen genuen. Haurra zarenetik nolakoa izango zaren esaten dizute, soilik ijito izateagatik. Osakidetzan, hezkuntzan… Alor guztietan pairatu dugu. Kalean ere sumatu dugu hori. Udaltzainek arrazoirik gabe gelditzen gaituzte maiz, kalean ibiltzen egoteagatik bakarrik. Arrazakeria sufritzen dugu, inolako arrazoirik gabekoa. Gogorra da egunerokoan horrelakoei aurre egitea. Guk etxean gure haurrekin lanketa berezia egin behar dugu, ez baitute ulertzen jasaten dituzten aurreiritzi horiek. Irakasten diegu ez direla denak horrelakoak, denek ez dituztela epaituko. Guk ez dugu sekula besteekiko aurreiritzirik izan. Ulertzen dugu ijitoa ez den gehiengo batekin elkar bizi behar dugula, eta ez dugu arazorik horrekin.
Nabarmendu duzue aste hau ez dela ijitoentzako, denontzako baizik.
Aste honek ate ireki bat izan nahi du herriarentzat. Zer garen erakutsi nahi dugu, jendeak benetan ezagutu gaitzala, lehen eskutik, eta ez hirugarren batek kontatu dion gauza batengatik. Errespetua beti izan da gure balio handietako bat, beste kulturekiko, baita pentsaerekiko ere. Inor zapaldu gabe, eta ez gaitzatela zapaldu. Elkarbizitza osasuntsua nahi dugu, kultura guztiak maitatu. Ezjakintasun horren kontrako lasterketa etengabekoa da, egunero pentsaera berriak eta aurreiritzi berriak sortzen direlako. Horiekin guztiekin bukatu nahi dugu, baina lan asko dago egiteke oraindik. Desiratzen nago ikastetxeetan sartzeko, beharrezkoa dela uste dut. Itxaropentsu naiz.
Erromani hizkuntza berreskuratzeko lanean zabiltzate elkartean.
Berreskuratzen saiatzen ari gara, Espainian erabat galduta baitago. Ulertu beharra dago ijito kultura nazioartekoa dela, toki guztietan gaude. Askok ez dakite, esaterako, ijitoen gehiengo bat musulmana dela. Euskaran euskalkiekin bezala, erromaniera era ezberdinak ere badaude, hizkuntza oso aberatsa da. Gure hizkuntzak gure exodoaz hitz egiten du, Indiatik honaino. Sare sozialetan ari naiz hizkuntza ikasten, sare handi bat dago egun. Euskararekin bezala, guri ere hizkuntza kendu nahi izan ziguten, aspaldiko borroka da gurea ere. Horretan gaude buru-belarri.